Azkoitiko baratza ekologikoak erabiltzeko izena eman ahal izango da bihartik

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 2a

[caption id="attachment_341470" align="aligncenter" width="300"]IMG_0957-300x225 Azkoitiko baratza ekologikoak. (Azkoitiko Udala)[/caption] Azkoitiko Altamira auzoan dauden baratza ekologikoak erabiltzeko itxaron zerrenda zabalduko du udalak, eta herritarrek bihartik hilaren 13ra bitartean eman ahal izango dute izena udaletxeko harrera bulegoan. Lursaila eskuratzen dutenek 2019ko udazkenera arte izango dute baratza erabiltzeko aukera. Datorren urteko uztailean lau urte beteko dira herritarrek baratzak modu ekologikoan lantzeko udalak lusailak haien eskura jarri zituenetik. 2019ko udazkenean berriz esleituko dituzte lursailak, eta, beraz, orain zatietako bat eskuratzen dutenek ordura arte izango dute baratza erabiltzeko aukera. Ondoren, udalak egingo duen zozketan parte hartu ahal izango dute. Izena ematen dutenek nortasun agiria eta eskaera orria beteta aurkeztu beharko dituzte udaletxean, eta hainbat baldintza bete beharko dute lursaila lortzeko. Hala nola, Azkoitian erroldatuta egon behar dute azken hiru urteetan, eta dagozkien zerga guztiak ordainduta eduki behar dituzte. Era berean, baratza ekologikoen erabiltzailerik baldin badago familia unitate berean, ezin izango du deialdian parte hartu, eta nekazaritza jarduerarako lursailen jabeek ere ez dute udal baratzak erabiltzeko aukerarik. Horrez gain, ehuneko hogeita hamahiruko ezgaitasun fisikoa dutenek eta A edo B mugikortasun baremoa dutenek ere deialdian parte hartzeko aukera dute. Izena emateko epea amaitzen denean, udalak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du, eta herritarrek bost egun natural izango dituzte erreklamatzeko. Era berean, lursailak eskuratzen dituztenek hainbat eginkizun bete beharko dituzte; adibidez, Ekoguneak antolatzen dituen ikastaroetan parte hartu beharko dute, eta kideek elkartea sortu eta bozeramaile bat izendatu beharko dute, udaleko teknikariekin harremanetan egoteko. Herritarrek 50 euroko fidantza eta hileko bost euroko kuota ordainduko dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide