Alazne Mujika. (A.M.)
Alazne Mujika (Azkoitia, 1972) "pozik" sentitzen da joan den maiatzaren 12an Eva Esnaolarekin batera Espainiako 50 kilometroko martxan aurrez zegoen marka hautsi ondoren. Orain dela bederatzi urte hasi zen korrika azkoitiarra, eta, momentuz, ez du bere afizioa alde batera uzteko asmorik.
2009ko irailaren 22ak zer esaten dizu?
Urte bereko urtarriletik maiatzera bitartean ohean egon nintzen haurdun nengoelako. Maiatzaren 22an nire seme-alaba bikiak jaio ziren, eta umeak eduki eta lau hilabetera [irailak 22] hasi nintzen korrika. Hogei minututan Egiatik Kursaalera joan-etorria egin nuen; hori izan zen nire estreinaldia. Momentu hartan sortu zitzaidan zaletasuna, eta pixkanaka hazten joan da. Behobian ateratzeko ilusioa betidanik izan dut, eta egun batean senarra etorri zitzaidan dortsala eta zapatila batzuk besapean hartuta. Behobia egin nuen, gero, nire senarra ere animatu zen, eta, ondoren, Donostiako Maratoia ere egin genuen biok. Bion afizioa da korrika egitea, eta urte luzez hala izatea espero dugu.
Zenbaterainoko garrantzia du kirolak zure bizitzan?
Niretzako momentua izaten da korrika egiteko hartzen dudana, nire buruari opa diodana. Familia bat dut, baita lana ere, eta horiek denbora asko kentzen didate, ardura garrantzitsuak baitira. Beraz, beharrezkoa da bakoitzak berarentzako momentua aurkitzea. Korrika ari naizenean ez naiz ez ama, ez emaztea eta ezta alaba ere, ni neu naiz.
Nola ikusten duzu emakumea korrikaren munduan?
Korrika egiten daramatzadan bederatzi urte hauetan aldaketa handia nabaritu dut. Donostian, adibidez, goizetan Kontxako pasealekura joanez gero, jende pila bat ikus daiteke lasterka; neu ere joaten naiz. Egun batean, emakumeen presentzia zenbatekoa zen ikusteko, emakumezkoak zenbatzen hasi nintzen. Nire sorpresarako erdiak baino gehiago emakumezkoak zirela ohartu nintzen. Horrekin kaleko fisionomia nola aldatu den ikus daiteke. Garai batean, emakumeek, galtza motzekin korrika ateratzeagatik bakarrik, sekulakoak entzun behar izaten zituzten, baina gaur egun hori onartezina da. Gainera, datuak begiratu besterik ez dago; izan ere, Behobian, adibidez, geroz eta emakume gehiagok parte hartzen dute. Nazioarte mailako maratoiei erreparatzen badiegu ere, erdiak emakumeak izaten dira. Aldaketa hori positiboa dela deritzot, eta urte gutxitan hoberako aldaketak egongo direla ere uste dut. Gure inguruan, behintzat, kirolean emakumearen presentzia oso barneratuta dago. Ez gara ez emakume ez gizon, korrikalari bat gehiago besterik ez.
Alazne Mujika eta Eva Esnaola, Espainiako 50 kilometroko martxan . (A.M.)
Zer nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Astean bost aldiz entrenatzen dut, eta saio guztiak intentsitate desberdinetakoak izaten dira. Kontuan hartu behar dira hainbat eta hainbat gauza; adibidez, probarik prestatzen ari zaren edo ez. Nire lehentasunak Behobia eta Donostiako Maratoia izaten dira. Azken hori oso hunkigarria da niretzat, bizi naizen hirian delako lasterketa eta nire gertukoez inguratuta sentitzen naizelako. Gainera, Behobiako azken edizioan erbi lanetan aritu nintzen, lehendabizikoz. Eta zalantzarik gabe, aurten ere halaxe egingo dut. Datorren edizio honetan, emakume gehiago izango gara, eta hori ere aurrerapauso handia da, zalantzarik gabe.
Eta hori guztia, Giza eta Gizarte Zientzitako Fakultateko dekanordetzarekin uztartzen duzu. Nola iristen zara denera?
Antolatzea da sekretua. Eraginkorra izaten ikasten duzu, hots, denbora erabat aprobetxatzen. Lehentasunak markatu behar dira, eta nire etxean hala daude. Lehentasuna familia da, noski, lana dago gero, eta, ondoren, kirola. Senarrak eta biok egiten dugu kirola, eta elkarrekin antolatzen gara bakoitzak korrika noiz egingo duen erabakitzeko. Bikotekideen artean bienak izan behar dute eginbeharrek, ardura guztiona da. Gainera, nire iritziz, esfortzu ororen emaitzak ez dira berehala jasotzen. Nire ustez, gauzak kostatu egiten dira, prestakuntza behar dute. Bizitzan, korrikan bezala, zerbait lortu behar bada saiatu egin behar izaten da, eta askotan emaitzak ez dira berehala espero behar, emaitzak epe luzera etortzen dira. Hasi bezain pronto helburu handi bat jarriz gero, erre egin daiteke norbera, eta hori ez da komeni. Helburua egiten duzun horretan epe luzera ongi pasatzea da.
Kirolak disfrutatzeko izan behar du, beraz.
Bai. Denetik egin behar da, disfrutatzeko eta ikasteko, ez lehiatzeko. Eta umeekin, batez ere, helburuak ez du izan behar edozertan ibiltzea, ondo pasatzea baizik. Denetik probatu eta ikusi behar da. Gurasoek askotan eragin txarra daukate umeengan, lehia ikuspegia transmititzen dietelako edozein txapelketari edo partidari. Nire ustez, gurasoek dagoen aukera zabala erakustera bakarrik mugatu beharko lukete, eta, gero, umeek erabakiko dute kirola egin nahi duten edo ez. Ni hainbat kirol praktikatutakoa naiz: saskibaloia, futbola, aerobik, igeriketa, eta, azkenik, korrika. Kirola, nire ikuspuntutik, oso aberasgarria da, lagun berriak egiteko aukera ematen dizulako, adibidez. Horrekin geratu behar dugu.
Orain, Donostian bizi zara, baina zein da zure jaioterriarekin duzun harremana?
Donostian bizi naizen arren, azkoitiarra izaten jarraitzen dut. Lanak, erosotasunagatik, mugiarazi egin ninduen Donostiara, baina, adibidez, aurreko batean amaren etxean bazkaldu genuen. Familia han daukat, eta horrek eragina du beti.