Martxan da andremari jaietako VIII. film laburren txapelketa

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 21a

Txapelketan parte hartzeko izen-ematea atzo ireki zuten, eta uztailaren 6ra arte egongo da zabalik. Euskaraldiaren harira, 'Euskara' izango da aurtengo film laburren lehiaketarako gaia. Film laburrak abuztuaren 7rako aurkeztu beharko dira.

Iaz Txintxarri lokalaren film laburrak irabazi zuen txapelketa. (Bideotik hartutako irudia) Uda bertan da, eta urteko sasoi honetan egin ohi dutenez, jakinarazi dituzte Andra Mari jaietako film laburren txapelketako oinarriak; martxan da Azkoitiko festetako ikus-entzunezkoen lehiaketa. Aurten, Euskara izango da gaia, film laburren txapelketa Euskaraldiaren baitan kokatu nahi izan dutelako. Azkoitiko Udalak antolatu ohi du txapelketa, eta erakundeak azaldu duenez, gaiaz gain, "umoreak, sormenak edota lan bakoitzaren maisutasunak aginduko du" film laburrik onena erabakitzerakoan. Lehiaketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada, eta uztailaren 6an itxiko da. Film laburrak aurkezteko azken eguna, aldiz, abuztuaren 7a izango da. Bi sari banatuko dituzte. Film laburrik onenaren egileak –epaimahaiak emango du sari hori– 250 euro eta oroigarria jasoko ditu; bigarren saria lortzen duenak –herritarren bozei esker–, aldiz, 150 euro eta oroigarria eramango ditu. Honako hauek dira Andra Mari jaietako VIII. film laburren txapelketako oinarriak: 1.- Gaia: Euskara. 2.- Lanen iraupena: 4-10  minutu arteko iraupena izan beharko dute eta formatu digitalean eginda egon beharko dute: DVD, CD edo edozein ordenagailu arruntek irakurriko duen formatuan. 3.- Hizkuntza: euskara. 4.- Lehiaketan 16 urtetik gorakoek har dezakete parte. 5.- Lanak, originalak eta inon saritu gabekoak izan beharko dute. 6.- Izen emateko epea ekainaren 20tik uztailaren 6ra. Lanak aurkezteko azken eguna: abuztuak 7. 7.- Lanak aurkezteko tokia: Azkoitiko udaletxeko Kultura saila. 8.- Sariak: -Lehenengo saria: 250 euro eta oroigarria. -Ikuslearen saria: 150 euro eta oroigarria. Oharra: Lehenengo saria lortzen duenak, ezingo du ikuslearen saria jaso. 9.- Lau film labur baino gutxiago aurkezten badira ez da lehiaketarik izango. Gutxieneko kalitatea bermatzen duten guztiak 125 euroko dieta izango dute. 10.- Gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatzen ez dituzten lanak ez dira onartuko. 11.- Film laburren emanaldia abuztuaren 15ean 22:30ean egingo da Azkoitiko plazan. Lehenengo saria epaimahaiak erabakiko du. eta bigarrena, herritarrek. Iaz Txintxarri lokalaren bideo honek irabazi zuen sariketa: https://www.youtube.com/watch?time_continue=377&v=bJiI5JN6EFs    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide