Zigilua lortu dute Grieta, Karan eta Andueza arropa dendek, Etxe Deko eta Beatriz Pozo Dekorazioa estudioek, Hazia ongizatea eta belar dendak, ETK Informatikak eta Joaquin Isuskiza Zubizarretak.
'Lagunkoiak gara' zigilua lortu duten saltokiak, egitasmoko arduradunekin. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko zortzi saltokik eskuratu dute Lagunkoiak gara zigilua. Grieta, Karan eta Andueza arropa dendek, Etxe Deko eta Beatriz Pozo Dekorazioa estudioek, Hazia ongizatea eta belar dendak, ETK Informatikak eta Joaquin Isuskiza Zubizarreta saltokiek jaso dute zigilua, lehenbizikoz egin den programan parte hartu ondoren. Prozesuan zehar, kostu txikiko edo kosturik gabeko jardunbideak proposatu dizkiete "aholku gisa, euren dendak lagunkoiagoak izan daitezen".
Zigilua eskuratu duten saltokiek hainbat neurri hartu dituzte pertsona nagusiei eskaintzen zaien arreta hobetzeko helburuarekin: karteletako letra tamaina handitu dute; lupak edo irakurtzeko betaurrekoak erosi dituzte, behar dituzten bezeroei uzteko; eserlekuak jarri, eserita itxaron edo atseden har dezaten edota langileek erabiltzen dituzten komunak uzteko aukera ahalbidetu.
Arduradunek agertu dutenez, kanpaina ez dago itxita, "interesa duten saltokiek izango dituzte aukera berriak".