Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pako Sudupe gaurko aurkezpenean. (Elkar)
Pako Sudupek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1959) Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea. EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala lana aurkeztu du gaur, asteazkena, Donostian. Idazle azkoitiarrak idatzi duen liburua Telesforo Monzon (Bergara, 1904-1981) aristokrataren"biografia mamitsua" dela kontatzen du sinopsiak.
Sudupek aurkezpenean esan duenez, "ezagutzea merezi duen figura" da Monzon: "Lana hartu behar da Monzon ezagutzeko, baina merezi du. Batez ere, hausnarketa bat egiteko, eta ikusteko nondik gatozen politikoki eta kulturalki". Idazle azkoitiarraren hitzetan, "gazteek ezagutu beharreko abertzale handia" izan zen aristokrata bergararra. "Zazpi euskal lurraldez osasutako euskal estatu baten alde borrokatu zen Monzon, baita Nafarroaren alde ere", azaldu du Sudupek. Era berean, kristaua zela gaineratu du idazle azkoitiarrak. Sudupek adierazi duenez, "36ko gerrako gudarien eta ETAkoen arteko zubi gizon bezala ikusten zuen bere burua Monzonek".
Txertoa argitaletxearekin kaleratu du Sudupek idatzi duen azken lana, eta honako hau da sinopsia:
"Telesforo Monzonen biografia mamitsu bezain interesgarria idatzi du Pako Sudupek. Autoreak ez du inola ere hagiografia bat egin nahi izan; aitzitik, kritiko aritu da, zorrotz, sarri orain arte argitaratu gabeko dokumentuak erabilita gainera. Eta ariketa horrek berretsi du Telesforo Monzon gizon handia izan zela, euskal abertzaletasunak eta, oro har, Euskal Herriko politikak XX. mendean izan duten bilakaera ulertzeko pertsona ezinbestekoetako bat. Liburu honek Monzonen jatorri aristokratikoa, EAJrekiko lerrokatze goiztiarra eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren gobernuetan jokatu zuen rola, gerra garaian, zein erbestean, jorratzen du. Ondoren, 50garren hamarkadan alderditik urrundu eta 60garrenean ETAko errefuxiatuekin bat egin zuen garaia lantzen du, harik eta, Franco hil ondoren, Herri Batasunako buruzagi karismatiko bihurtu zen arte. Pako Sudupek idatzitako biografi ak, Telesforo Mozonen ibilbidea eta haren garaia ezagutzeko ez ezik, gauden lekura nola iritsi garen ulertzen ere laguntzen du"