Taldeko kideek prozesuaren berri eman zieten herritarrei bileran. (Instalakuntza Duinak Orain!)
Azkoitian igerileku berri bat egiteko Sestra ingenieritza eta arkitektura enpresak egin duen azterketaren berri eman zieten Instalakuntza Duinak Orain! taldeko kideek herritarrei joan den asteazkenean. 40 lagun inguru bildu ziren Elkargunean egin zuten batzarrean, eta taldeko kide Xabier Barquerok adierazi duenez, herritarrek "gustura" hartu dute udalak eta Instalakuntza Duinak Orain! taldeak igerilekua berritzeko hobetsi duten proiektua. "Herritarrek garrantzia handia eman diote irisgarritasunaren kontuari. Izan ere, egun arazo handi bat dago irisgarritasunarekin, mugikortasun arazoak dituztenek oso zaila baitute igerilekura joatea".
Igerilekua handitzeko eta birkokatzeko
bost proposamen aurkeztu zituen joan zen martxoan Sestra enpresak, eta horietako baten aldeko hautua egin zuten eragileek. Hain zuzen ere, aukeratutako proiektuak igerileku berria Elkarguneko belar artifizialeko futbol zelaian kokatzea aurreikusten du; hori hala, egungo futbol zelaia estali gabeko saskibaloiko kantxara lekualdatuko dute, gaur egun dagoen igerilekua bere horretan mantenduz. Igerileku berriak, berriz, 1,40 metroko sakonerako zortzi kale izango ditu, eta hara joateko igogailua jarriko dute aldageletatik. Barqueroren iritziz, "abantaila ugari" ditu proiektu horrek; besteak beste, igerileku guztiak herrigunean eta leku bakar batean kokatuko direlako eta irisgarritasun arazoak konponduko dituelako. Gainera, mantenu aldetik beste proiektu batzuk baino merkeagoa dela nabarmendu du.
Instalakuntza Duinak Orain! taldeak gogoratu du bere hasierako helburua izan dela proiektu berria herritarrekin batera lantzea, eta horregatik elkartu direla haiekin. "Sestrak aztertutako gainontzeko proiektuak zergatik bota diren atzera azaldu nahi genien herritarrei, haiek ere prozesuaren parte senti daitezen". Barquerok adierazi duenez, herritarren kezketako bat da proiektua noizko egongo den eginda jakitea, baina azpimarratu du "ezinezkoa" dela galdera horri erantzutea. "Kanpoko faktore askok eragiten dute prozesuan, eta oraindik goiz da data bat ezartzeko".
Izan ere, igerileku berriaren aurreproiektua da egun esku artean dutena, eta hurrengo urratsa izango da udalak haren proiektua eta obren zuzendaritza osatzea. Aurreikusitako lanek 1.538.073 euroko aurrekontua dute, eta horretarako finantzazioa bilatzen hasiko dira. "Udalak ezin du gastu guztia bere gain hartu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarriko gara harremanetan". Era berean, beste herrietako esperientziak ezagutzeari ekingo diote: "Oñatiarrekin egon gara, haiek igerileku berria egingo baitute laster. Azpeitira ere joatekoak gara orain, herri hori erreferente garbia delako guretzat. Izan ere, herritarren beharrei entzunda egin zituzten igerilekuan lanak". Horrez gain, datozen hilabeteetan gaiarekin lotutako hitzaldiak antolatzeko eta herritarrekin zein udalarekin bilerak egiten jarraitzeko asmoa du taldeak.