Mendizaleek 50 kilometro egingo dituzte Zazpi Kurutze ibilaldian.
Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatuta, XXIII. Zazpi Kurutze mendi ibilaldia egingo dute igandean, eta han parte hartzeko aurrez izena emateko epea gaur arratsaldean amaituko da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraingoz 264 lagunek eman dute izena
www.zirkuitua.com webgunean edo Azkoitiko Lopetegi Iturgintzaren bulegoan.
Anaitasunak adierazi du aurreko edizioetako parte hartzaile kopuru antzekoa izango duela aurtengo mendi martxak. Izan ere, egunean bertan ere eman ahal izango da izena, 03:00etan plazan jarriko duten mahaian —txartelak ere han banatuko dituzte—. Egunean bertan, ordea, 20 euro ordaindu beharko dute mendizaleek, aurrez izena ematen dutenek baino bost euro gehiago. Gehienez, 300 lagunek hartu ahal izango dute parte Zazpi Kurutzen.
Mendi ibilaldiaren atarian, antolatzaileek prest dute egitasmoa. Anaitasunaren arabera, aurten "justu samar" ibili dira boluntarioak aurkitzeko, eta aurreratu du datozen urteetan jende gehiago beharko dituztela ibilaldian laguntzeko.
Igandean, 04:00etan aterako dira parte hartzaileak Azkoitiko plazatik. 55 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta Erlotik (1.027 metro), Aittolatik (645 metro), Zargoatetik (540 metro), Hirukutzetatik (895 metro), Irimotik (898 metro), Izazpitik (950 metro) eta Oletatik (756 metro) igaroko dira. Martxa hasitako leku berean, Azkoitiko plazan, bukatuko dute parte hartzaileek.