Ainhize Azpiazu. (A. A.)
Ia ehun lagunek osatzen dute Azkoitiko Zubiberri gimnastika erritmikoko kluba, eta talde horretako kidea da Ainhize Azpiazu (Azkoitia, 1996). Txapelketetan parte hartzeaz gain, umeen irakaslea ere izan da orain gutxi arte. Dena den, unibertsitateko ikasketak tarteko, bi zeregin horiek uztea erabaki du. "Nigatik balitz, jarraituko nuke, baina datorren ikasturtean Bilbora joango naiz ikastera, eta ez dut denborarik izango Azkoitira entrenatzera etortzeko".
Bat-batean txapelketak eta entrenatzaile lana uzteak pena pixka bat emango zizun...
Bai, izugarrizkoa. Orain arte, astegunetako arratsalde guztiak eta asteburuak gimnastika erritmikora bideratzen nituen. Unibertsitatea eta gimnastika erritmikoa izan dira nire bizitza, eta, askotan, bigarren horri denbora gehiago eskaini izan diot ikasketei baino. Eta orain bat-batean gimnastika erritmikoa batere ez dudala praktikatuko pentsatzea... Badakit zerbait bilatuko dudala, baina sekulako pena ematen dit.
10-11 urte zenituela hasi zinen gimnastika erritmikoa praktikatzen. Zergatik aukeratu zenuen kirol hori?
Txikitan nire ahizpak egiten zuen dena gustatzen zitzaidan, eta berak gimnastika erritmikoa egiten zuenez, nik ere bai. Nire ahizpa [Ainara] izan da beti nire erreferentea; berak egiten zuen dena egiten nuen nik. Gainera, duela gutxira arte ahizparekin batera praktikatu dut gimnastika, baina orain kanpoan dago. Horregatik, une honetan, ni naiz taldeko kirolaririk zaharrena.
Duela gutxi jubenil A mailako Euskadiko Txapelketa irabazi duzue. Pozik egongo zarete, ezta?
Bai, sekulakoa izan da; denboraldi gogorra pasatu dugu eta... Jubenil A kategorian irabazi dugu txapela, baina ni izatez seniorra naiz; taldean geratzen den adin horretako bakarra naizenez, gazteagoekin batera lehiatu naiz. Gimnastika erritmikoaren txarrena da guk lan asko egin arren, demostratzeko txapelketa gutxi izaten direla. Ez da futbolean bezala astero-astero partidak jokatzen direla. Gimnastika erritmikoan lehen fasea eta bigarrena izaten dira, eta bi horiek ondo irtenez gero, finalera pasatzen zara; hor ere aurrera eginez gero, berriz, Euskadiko Txapelketara. Egindako lan guztiak bere fruitua eman duela ikustea oso garrantzitsua izan da guretzat, eta asko baloratu dugu.
Lehen aldiz irabazi al duzue txapelketa hori?
Ez, aurrez beste behin ere irabazitakoa naiz ni, jubenila nintzen garaian, beste talde batekin.
Urte osoan egin daitekeen lorpenik handiena al da zuentzat Euskadiko txapela irabaztea?
Bai. Azkenean, txapelketa hori prestatzeko entrenatzen dugu; urteko helburu nagusietako bat lehia hori irabaztea izaten da. Zubiberrik aurten lortu duen garaipenik handiena izan da.
Horrez gain, zer lehiatan parte hartzen duzue urtean zehar?
Banakako txapelketan ere parte hartzen dugu. Hori bakoitzak bere kategorian egiten du; ni kasu horretan, seniorra naiz. Banakakoan zailagoa da sailkatzea. Gipuzkoako Txapelketaraino iritsi naiz aurten, baina ez naiz Euskadikora sailkatu.
Zer eman dizu gimnastika erritmikoak urte hauetan guztietan?
Balio asko, pertsona asko... Azkenean, ez da kirol bat bakarrik, kirol horren bueltan sortzen den guztia ere bada. Klubean dugun giroa, esaterako, sekulakoa da. Horrez gain, diziplina asko eman dit kirolak, ordu asko pasatzen baititugu entrenatzen.
Astean zenbat, zehazki?
Txapelketetako denboraldian, astean hamar ordu. Normalean, astelehenetan eta asteazkenetan 18:00etatik 20:30era entrenatzen dugu, eta ostiraletan, 15:30etik 20:30era.
Bost ordu jarraian gelditu gabe aritzen zarete?
Ez pentsatu orduak soberan izaten ditugunik. Meriendatzeko tarte bat hartzen dugu, baina, bestela, ez gara gelditzen.
Kirol gogorra al da gimnastika erritmikoa?
Bai, eta zoritxarrez, jende askok ez du preziatzen; ez da behar beste baloratzen. Askok esaten didate: "Gimnastika erritmikoan ez duzue-eta izerdirik ateratzen!". Jendeak pentsatzen du luzaketa batzuk baino ez ditugula egiten, eta, gainera, uste du tolesteko sekulako ahalmenarekin jaio garela. Eta hori ez da horrela, horrek lan bat dauka atzetik. Aste Santuko eta Gabonetako entrenamenduak, esaterako, oso gogorrak izaten dira. Has gaitezke entrenatzen 10:00etan eta 18:00ak arte han egon. Baina merezi du.
Zein da kirol horren alderik zailena?
Inpaktu askoko kirola da, eta min hartzeko arrisku handia dago.Gainera, gertatu izan zait lesioak medio aurrera ezin jarraitzea. Nahi duzu kirola egin, baina ezin duzu, eta hori oso gogorra egiten zait. Inpotentzia sortzen du horrek, baina ikasi egiten duzu hori eramaten.
Beti esan izan dute gimnasta baten ibilbidea garaiz bukatzen dela. Noiz arte praktika daiteke?
Gure klubean nahi duzun arte jarrai dezakezu. Baina nik orain dudana berez ez da adinik egokiena kirol honetan aritzeko; gazteago zarenean beti ere hobeto lantzen duzu. Berez ez dauka mugarik, gero kontua da gorputzak zer esaten dizun.
Gimnastika erritmikoa uztea erabaki duzu, baina betirako agurra izango al da?
Ez dut baietzik esango, ez dakit- eta zer egingo dudan. Ezin da jakin; ez dut esango itzuliko ez naizenik, ez dut-eta horrela sentitzen. Agian bai, eta agian ez.