Ostiralean hasiko dira Pelotai Euneko egitasmoko ekintzak, Ander Letamendiaren hitzaldiarekin

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 5a

Bastida, Zubizarreta, Godoy eta Agirre, Pelotai Eunaren aurkezpenean. (Azkoitiko Udala) Laugarren urtez, Azkoitiko pilotariek eta pilotazaleek egun berezia izango dute larunbatean, Azkoitiko Txulue pilota elkarteak antolatuta, Pelotai Eune ospatuko baitute egun osoan zehar. Aurten, ordea, Pelotai Eune ez da egun bakar batera mugatuko, eta bezperan, hilaren 8an, izango dira egitasmoko lehenengo ekintzak. Izan ere, Ander Letamendia sendagileak hitzaldia emango du Kontzejupean, eta ormaiztegitarra pilotarien eskuez arituko da hizketan 18:00etatik aurrera. Segidan, binakako pilota txapelketako final laurdenak eta finalerdiak jokatuko dituzte. Hain zuzen ere, ostiralean sailkatzen direnek Pelotai Eunean jokatuko dituzte pilota txapelketako finalak. Aurten, gainera, Reyes Azkoitia Bergarako Pilota Eskolako entrenatzaile azkoitiarra omenduko du elkarteak, eta hark emango dio hasiera egunari, Kontzejupean "pelotazue" botata. Era berean, herriko pilotariei omenaldia egingo diote. Atzo egin zuten Pelotai Eunaren aurkezpena Xabier Bastida, Josu Godoy eta Iker Agirre antolatzaileek eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, eta haiek azpimarratu zuten urtetik urtera indarra hartzen joan dela eguna. Horren adibide da binakako txapelketak aurten izan duen erantzuna. Agirreren esanetan, azken bi hilabeteetan 100 partida baino gehiago jokatu dituzte, eta lehenengo aldiz, neskak ere ari dira lehiatzen aurten. Antolatzaileek emandako datuen arabera, 42 bikote ari dira parte hartzen emakumezkoen txapelketan, "horietatik zortzi erdi mailakoak eta sei goi mailakoak". Horrez gain, bazkaria ere egingo dute estreinekoz, eta Oteiza pilotalekuetan 300 lagun elkartuko dira. Gainera, egunean zehar, pilotaren inguruko erakusketa egongo da zabalik Torre-Zuri erakustokian. Antolatzaileek eta udalak herritar guztiak animatu dituzte Pelotai Eunean parte hartzera, eta dei egin die pilotariz jantzita atera daitezen kalera. "Sanandresetan baserritar janzten garen moduan, gure helburua da urtetik urtera jende gehiago ateratzea kalera pilotari jantzita". Zubizarretak, bere aldetik, txalotu egin du egitasmoa: "Pelotai Egune erreferente izaten ari da antolatzaileek lana ondo egin duzuelako". Antolatzaileek, berriz, eskerrak eman dizkie udalari eta babesleei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide