Igandeko giza katera joateko deia egin du Azkoitiko EH Bilduk

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 4a

Azkoitiko EH Bilduko udal ordezkariak, herritarrei giza katerako deia egiten. (EH Bildu) Gure Esku Dagok deituta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katearen 39., 40. eta 41. kilometroak beteko dituzte igandean azkoitiarrek, Arroa eta Itziar artean. Ekimenaren atarian, hara joateko deia egin die EH Bilduk herritarrei, honako ohar honen bidez: "Eguna iristear dugu. Giza katearen astean sartu gara. Egun gutxi falta diren honetan azkoitiarrei dei egin nahi diegu bertan parte hartzeko. Orain dela gutxi, gehiengo zabal batekin onartu genuen ekainak 10eko giza katea babesteko mozioa udaletxean eta igandea honen isla izatea nahi dugu. Herritarren gehiengo zabal eta anitz batek parte hartzea nahi dugu, herri honen erabakitzeko eskubidearen alde dagoen gehiengoak. Daukagun zita garrantzitsua da, Euskal Herriko hiru hiriburu lotuko ditugu eskuz esku demokraziaren oinarrietako bat den erabakitzeko eskubidearen aldarria lau haizetara zabaltzeko. Igandean bertan ikustea espero dugu!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide