Imanol Larrañaga, Zegama-Aizkorri lasterketan. (I.L.)
Zortzi ordu zenituzten gehienez proba amaitzeko eta zuk 4:36:15eko denboran amaitu zenuen. Lorpen handia al da hori zuretzat?
Badago zer hobeturik, baina, hala ere, lorpen polita izan da. Bost ordu inguru azpitik eginda, datozen bi urteetarako dortsala eskuratzen da; beraz, hurrengo bi edizioetarako, behintzat, dortsala ziurtatuta daukat. Hala ere, lasterketan zehar gorabehera batzuk izan nituen. Izan ere, probaren bigarren zatian giharretan kalanbreak sentitzen hasi nintzen eta asko sufritu nuen. Denborari begiratu nion, eta nahiko ondo nindoala ohartuta, jarraitzea erabaki nuen. Horrez gain, lasterketan zehar animatzen zaituztenek asko laguntzen dizute aurrera segitzen.
Lehen aldiz parte hartu al duzu proban?
Guztira, lau ediziotan parte hartu dut, eta horietako hiru amaitu ditut. Giharretako mina eta izugarrizko hotza nuelako erretiratu nintzen behin; zehazki, lasterketako hemezortzigarren kilometroan, Santa Espiritu parean. Maratoi hau mendi lasterketetan ibiltzen garenontzat urteko lasterketa garrantzitsuena dela esango nuke, bertan munduko korrikalari onenak biltzeaz gain, giro aparta sortzen delako.
Prestatu al zara bereziki maratoi honetarako?
Ez, egia esan urte osoan zehar egiten dut kirola. Gainera, lasterketa honen aurretik beste lautan parte hartu dut: Orioko, Kilimongo, Kanpezuko eta Izarraizko probetan, hain zuzen. Horiek, hala ere, ez ziren izan Zegamakoa bezain luzeak. Uda aurretik beste batzuk egingo ditut.
Eta, bestela, nola entrenatzen zara?
Kirola egitea gustatzen zait; batez ere, bizikletan ibiltzea eta mendian korrika egitea. Batean zein bestean taldean ibiltzen gara; lagun artean kirola egitea eta ondo pasatzea garrantzitsua da niretzat. Bestela, gogoaren eta sentsazioen arabera egiten ditut entrenamenduak. Niretzako kirola zaletasun bat da, eta gozatu egiten dut entrenatzen. Horrez gain, nire gorputza ezagutzen dut, eta badakit noiz estutu dezakedan eta noiz ez.
Beraz, afizioa da zuretzat mendia.
Bai, horixe bera. Egunero lanetik atera eta kirola egiteko tartea hartzen dut, nire egunerokoaren parte dela esango nuke.
(I.L.)
Zer ingurutan ibiltzen zara mendian?
Izarraitz ingurua da etxetik gertuen daukadana, eta bertan ibiltzen naiz. Hurbil edukitzeaz gain, nire lekurik gogokoena dela esango nuke, agian, ondoen ezagutzen dudan ingurua delako.
Eta lasterketak? Bat baino gehiagotan parte hartzeko ohitura al daukazu?
Ez zait gustatzen denboraldi hasieran urteko egutegia egin eta zein lasterketetan parte hartuko dudan erabakitzea. Gogoaren eta motibazioaren arabera egiten ditut lasterketak. Egia da, ordea, lagunen bat animatzen bada edota lasterketa oso polita dela esaten badidate, animatu egiten naizela. Hala ere, azken urteotan, lasterketetako izen emate kopurua azkar bukatzen da, eta, hori dela eta, askotan aurrez eman behar izaten dut izena.
Zer esan nahi du zuretzat kirolak?
Txikitatik egin izan dut kirola. Gaztetan futbolean ibili nintzen, eta hori utzi nuenean, bizikletan hasi nintzen; gero, duatloiak egiten hasi nintzen, eta, azken urteetan, mendian nabil. Nire bizitzaren parte da kirola, ondo sentitzen naiz kirola egiten dudanean. Horrez gain, lagun asko ezagutzeko aukera eman dit, baita leku eta txoko zoragarriak ere... Mendian korrika egitea kirol ezberdina eta berezia dela esango nuke: aldapan gora, behera, harri arteak, zelaiak, errekastoak… denbora guztian adi joan eta zeure indarra neurtzen jakin behar duzu.
Etorkizunerako erronkarik ba al duzu?
Momentuz, ekainaren amaieran Zumaiako
Flysh maratoian aterako naiz eta, agian, tartean beste lasterketaren bat egingo dut.