Oihan Amezua gitarra egilea. (Argazkia: Oihan Amezua)
Inguruotan "uste baino gitarra egile gehiago" daudela konturatuta, gitarra egileen topaketa egingo dute Azkoitiko Izarraitz Lanbide Eskolan. Biltzarraren helburua da egile bakoitzak egiten duena besteei kontatzea eta informazioa elkarbanatzea. Gipuzkoako egileak izango dira denak, eta gitarra klasikoak eta elektrikoak egiten dituztenak gehienak. Anplifikadoreak egiten dituen bat ere joango dela espero dute antolatzaileek. Gutxienez hamar bat egile elkartuko direla uste dute.
Topaketa ekainaren 6an egingo dute, Izarraitz Lanbide Heziketako zurgintza tailerrean, 18:30ean hasita. Gitarra egileez gain, gitarrazaleak ere gonbidatu dituzte saiora, baina aurrez gitarragintza@gmail.com helbidera mezu bat idaztea komeni dela esan dute, lekua handia ez delako, eta aretoan denak sartzen direla ziurtatu nahi dutelako.