Emakumezkoen Euskal Ligara igo da Anaitasuna, Eibarri 3-1 irabazi ondoren

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 26a, 19:27

Igoera ospatzeko, udalak harrera egingo dio udaletxean. Jokalariak 20:15ean abiatuko dira Balda Plazatik, Udal Musika Bandak lagunduta, eta handik udaletxera joango dira, eliza atarian geldialdia eginda.

Anaitasunako nesken taldea, Txerloian, partida irabazi ondoren. (Anaitasuna) Eibarri 3-1 irabazi ondoren, Emakumezkoen Euskal Ligara igo dira Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko senior neskak. Anaitasunak denboraldiko azken partida jokatu du gaur arratsaldean Eibar liderraren aurka, Txerloia futbol zelaian, eta, azkena izateaz gain, erabakiorra ere izan da norgehiagoka. Izan ere, bi taldeek jokoan izan dute igoera, eta Azkoitiko taldeak irabazi beharra zuen mailaz igotzeko. Hala izan da azkenean, Leire Ucinen, Maider Badiolaren eta Tamararen golei esker. Anaitasunak zein Eibarrek guztia eman dute zelaian, eta partida bizia jokatu dute Txerloian. Partida hasi eta berehala, hirugarren minutuan, markagailua Azkoitiko taldearen alde jarri du Leire Ucinek, Anaitasunako jokalariak Eibarrek egindako hutsa baliatu ondoren. 32. minutuan, ordea, Eibarrek berdindu egin du penalti baten ondoren, eta, ondorioz, zaildu egin diote Anaitasunari igoera. Atsedenalditik bueltan, markagailuan 1-1 zela hasi dute bigarren zatia, eta 70. minutuan iritsi da Anaitasunakoen bigarren gola. Maider Badiolaren golari esker, Azkoitiko taldea aurretik jarri da berriz, eta 81. minutuan Tamarak sartu duen golak igoera berretsi dio Anaitasunari. Mailaz igota, udalak harrera egingo die neskei udaletxean. 20:15ean, Balda Plazatik abiatuko dira jokalariak, Udal Musika Bandak lagunduta. Ondoren, taldeko jokalariek Anaitasunaren zapia jarriko dute Eliz Atariko barriketan, eta handik udaletxera abiatuko da taldea, bertan udal ordezkariek harrera egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide