Euskararen erabilera bultzatzea helburu duen Euskaraldira batu da Azkoitia

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 24a

Azkoitiak Euskaraldian bat egin duela adierazteko argazkia atera dute Euskara Mahaiko kideek. (Azkoitiko Udala) Euskaldunen aktibazioa bultzatzeko Euskaraldia egitasmoa Azkoitian ere egingo dute azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hango Euskara Mahaiak bat egin baitu Euskal Herriko dozenaka herritan egingo duten egitasmoarekin. Euskaraldiaren helburu nagusia da euskaraz egiten dutenek eta ulertzen dutenek euskaraz egitea lehenengo hitzetik, euskararen erabilera indartu eta hiztunak aktibatzeko asmoz. Horretarako,  Ahobizi – euskaraz hitz egiten dutenak– eta Belarriprest – euskaraz hitz egiteko gai ez diren arren, gutxienez ulertzen dutenak– bilakatuko dira 16 urtetik gorako herritarrak. Azkoitian, Euskara Mahaiak hartu du Euskaraldia aurrera eramateko ardura, eta dagoeneko hasi da horren inguruko ekimenak prestatzen. Izena ematea iraileran zabalduko dute, eta herritar nahiz eragile guztiak gonbidatu dituzte ekitaldietan eta Euskaraldian parte hartzera. Udalak jakinarazi duenez, gainera, Andramaixetan egiten den film laburren lehiaketa Euskaraldiarekin lotuko dute aurten. Lehiaketaren nondik-norakoak datozen hilabeteetan adieraziko badituzte ere, aurreratu dute parte hartzaileek Euskaraldia gaitzat hartuta sortu beharko dituztela filmak. Horrez gain, Soziolinguistika Klusterra euskararen erabileraren kale neurketa egiten ari da Azkoitian. Ekainaren 2an bukatuko da azterketa, eta udalak hurrengo asteetan emango du emaitzen berri. Azkenengoz, duela lau urte egin zuten kale neurketa herrian, eta bi ikerketen alderaketak egin ondoren, emaitzok Euskaraldiarentzat ere baliagarri izango dira, egitasmoaren helburua baita herriko euskararen erabilera indartzea. Honako hauek dira Euskara Mahaiko kideak: Azkoitiko AEK Euskaltegia, Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Floreaga ikastetxea, Floreaga Ikastetxeko Elkarrekin guraso elkartea, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Izarraitz Lanbide Heziketa, Xabier Munibe ikastola, hango Udaberri guraso elkartea eta Azkoitiko Udala. Hain zuzen, udaleko Euskara zinegotzi eta Euskara Mahaiko kide Mari Jose Arregik adierazi duenez, honako hau lortu du Euskaraldiak: "Euskaltzaleok batzea eta guztiok ekimen jakin baten aldeko apustuak egitea, ohitura linguistikoak alda daitezen eta egunerokotasunean euskararen erabilerak duen garrantziaz jabetu gaitezen". 2013tik dago martxan Euskara Mahaia Azkoitian, eta, ordutik, abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Eguneko hainbat ekintza antolatu ohi du urtez urte. Ildo horretan, Euskararen Egunean ikastetxeek kalean egiten dituzten ekintzak aurten ere mantentzea erabaki du Euskara Mahaiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide