Giza katearen atarian, Klik eguna prestatu du Azkoitiko Gure Esku Dagok larunbaterako

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 22a

Joan zen larunbatean bizikleta martxa egin zuten giza katea babesteko. (Ane Olaizola) Ekainaren 10ean, Donostia, Bilbo eta Gasteizko Legebiltzarra batuko dituen giza katea egingo du Gure Esku Dagok, eta ekitaldirako motorrak berotzen hasteko Klik eguna antolatu du larunbaterako Azkoitiko GEDk. Goizetik eguerdira bitarterako egitarau oparoa prestatu dute, eta umeei zuzendutako saioak, musika eta dantza emanaldiak, bertsoak eta jan-edana izango dira nagusi herriko plazan. Giza katean, Arroa eta Itziar artean hiru kilometroko bidea beteko dute azkoitiarrek, eta horietatik bi gazteekin osatu nahi dute. Horretarako, Azkoitiko GEDko kideak herritarren atxikimenduak jasotzen ari dira astez aste, eta taldeak gogoratu du ostegunean —pintxo potea egiten den bitartean— eta larunbatean mahaia jarriko dutela izen-abizenak hartzeko. Giza katea babesteko asmoz, hainbat ekitaldi egin izan du Azkoitiko GEDk azkenaldian. Joan zen astean, esaterako, bizikleta martxa egin zuten herrian zehar dozena bat lagunek. Hemen larunbateko Klik eguneko egitaraua: Maiatzak 26, larunbata:
  • 11:00-14:00: Umeentzako puzgarriak.
  • 11:30-12:00: Umeentzako eskulanak eta aurpegi margoketa.
  • 11:30: Pintxoak txosnan.
  • 12:00: Muxikoak eta euskal dantzak.
  • 13:00: Bertsolariak.
  • 13:30: Trikitilariak oholtzan eta argazkia ateratzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide