Agenda 21 hezkuntza programaren barruan, Azkoitiko Floreaga eta Azkoitia BHI ikastetxetako 900 ikasle klimak osasunean dituen eraginak aztertzen aritu dira ikasturtean zehar. Azken hilabeteotan ateratako ondorioak eta euren proposamenak azaltzeko Javier Zubizarreta alkatearekin bildu dira gaur udaletxean. Energiarekin, berdeguneekin, urarekin, bizikletekin eta bidegorriekin, mugikortasunarekin eta hondakinekin lotura duten proposamenak egin dizkiote.
Ikasleek egindako eskaeren artean daude eraikin publikoetan kontsumo baxuko argiak ipintzea edota energia berriztagarria sustatzea; herriko hainbat auzotan berdeguneak ugaritzea, ur gutxiago kontsumitzeko aurrezte sistemak instalatzea, trafikoa debekatzea eskola sarrera eta irteeretan eta udaltzain gehiago jartzea, zakarrontziak koloretan margotzea eta Trenbidearen Zumardiko zati bat txakurrentzat egokitzea.