Azkoitiko Floreaga ikastetxeak eta hango guraso elkarteak antolatzen dituzten Euskal Kultur Jardunaldien bigarren saioa izango da ostiralean, hilaren 25ean. Iaz bezala, kantu jira egingo dute ekimenaren barruan, eta ikastetxeko irakasle, guraso, ume eta gaztetxoak herrian zehar arituko dira abesten, 19:00etatik aurrera. Antolatzaileen arabera, kanturako zaletasunak eta euskal abesti tradizionalek bat egingo dute saioan, kaleak girotzeko asmoz. Eguraldi txarra egiten badu, astebete atzeratuko dute kantu jira.
Joan zen apirilean hasi ziren XXIX. Euskal Kultur Jardunaldiak Azkoitian,
Ekain Txou pailazoaren ikuskizunarekin. Ekainaren 8an amaituko dira jardunaldiak, bertso saioarekin. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Xebastian Lizaso eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan Floreagako Don Bosco aretoan, 22:00etan hasita, eta sarrera doan izango da.