Azkoitiko Madariaga auzoan lagunartean ari dira ospatzen San Isidro festak. Izan ere, auzotarren parte-hartze handia izan da baserritarren zaindariaren harira prestatu duten egitarauan. Ostiralean Mus Txapelketa izan zuten, eta atzo, larunbata, ekitaldiz betetako eguna izan zuten. Besteak beste, auzotarren arteko pilota partidak eta Emakume Master Cup binakako txapelketako txapeldunordeen partidak izan zituzten. Txikienek, berriz, marrazki tailerra egin zuten, eta, gero, auzotarren bazkaria izan zuten. Arratsaldean ere ez zuten ekitaldirik falta izan, eta umeen jolasak eta Madariagako auzotar taldeak Koateiko astoaren aurka neurtu zituen indarrak. Egunaren bukaeran indarrak hartzeko, berriz, Otarren afaria egin zuten.
Elkargunea Madariagan
Aurtengo festak bereziak izango dira madariagarrentzat. Hain zuzen ere, auzotarrek aspalditik eskatzen zuten espazio publikoa
estreinatuko dute jaietan. Izan ere, Azkoitiko Udalak goitik behera berritu du auzoko ferratokia, eta bertakoentzat elkargune bihurtu du. Biltegia, informatika gela, sukaldea, bilera gela eta bainugela daude bertan, eta, guztira, ia 120 metro koadro ditu guneak. Auzotarrek festak antolatzeko, jaietan pintxoak prestatzeko, ikastaroak emateko edo sor daitezkeen beste hainbat beharretarako erabiliko dute espazioa.
Datorren asteartean, San Isidro egunean, inauguratuko dute gune berria. 12:00etan jarri dute hitzordua, eta, ondoren, hamaiketakoa izango da. Aurretik, 11:00etan, prozesioa eta meza izango dituzte.
Hona hemen Madariagako sanisidro jaietako hainbat irudi: (Argazkiak: Ana Bastida)
[flickr_set id="72157696121173894"]