Dozenaka herritar izan dira giza katearen aurkezpenean. (Maxixatzen.eus)
Martxoaren 24an aurkeztu zuen Azkoitiko Gure Esku Dagok ekainaren 10eko giza katea, eta gaur beste agerraldi bat egin du ordutik hona egindakoen eta aurrerantzean egingo dituztenen berri emateko. Ekainaren 10ean izango da Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katea, eta azkoitiarrek Arroa inguruan bi kilometro bete beharko dituzte, 40.a eta 41.a hain zuzen ere. Gure Esku Dagoko kideek azaldu dutenez, bi kilometro horiek betetzeko mila lagun inguruk parte hartu beharko dute, eta aurreratu dutenez, dagoeneko 200 bat lagunek eman dute izena.
Dena den, oraindik ere eman daiteke giza katerako izena. Ostegunetan, pintxo-pote garaian, eta zapatuetan eman ahal izango da izena, taldekideek eta gazte talde batek plazan-eta jarriko dituzten mahaietan. Bost euro ordainduta zapi bat eskuratuko dute herritarrek. Giza katera autobusez joatea gomendatu du Gure Esku Dagok, eta horretarako ere zabalik da izen ematea. Dinamikako kideek Azkoititik giza katera 14 autobus joango direla aurreikusten dute. Autoz joan nahi dutenek 13:00ak baino lehen iritsi beharko dute dagokien tokira, ordutik aurrera errepidea autoentzat itxi egingo dutelako eta autobusek izango dutelako lehentasuna.
Elkargunean egin dute agerraldia Azkoitiko Gure Esku Dagoko kideek, dozenaka herritarren aurrean. Xabier Aldalur bertsolariak eman dio hasiera ekitaldiari agurrarekin, eta, ondoren, Josune Herrartek testu bat irakurri du musikak lagunduta. Ondoren, taldeko kideek giza katean parte hartzeko hainbat arrazoi azaldu dizkiete bertaratu diren lagunei.
Gaurko aurkezpeneko irudiak Maxixatzen.eus-en ikus daitezke.