Azkoitiko VII. Ibilgailu klasikoen topaketa egingo dute igandean

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 10a

Besteak beste, Madrilgo, Zaragozako eta Errioxako autoak izango dira ikusgai Azkoitian. Ibilgailu klasikoak 09:00etatik 10:30era bitartean iritsiko dira Azkoitira. Gero, herritarrek autoak ikus ditzaten bira bat emango dute herritik, eta amaitzeko, ibilgailu klasikoak erakusgai jarriko dituzte Plaza Berrian.

Azkoitian egindako auto klasikoen jardunaldi batean ateratako irudia. (Julene Frantzesena) Ibilgailu Klasikoen Topaketa egingo dute Azkoitian igandean, hilaren 13an. Aurtengoa jardunaldien zazpigarren edizioa izango da, eta hitzorduan ez dute hutsik egingo Madrilgo, Zaragozako eta Errioxako auto gidariek. Ibilgailu klasikoak Azkoitira 09:00etatik 10:30era bitartean iritsiko dira. Behin parte-hartzaile guztiak elkartzean, herritik buelta bat emango dute, azkoitiarrek auto klasikoez goza dezaten. Ibilbidea egin ondoren, ibilgailuen erakusketa egingo dute Plaza Berrian. Bazkaria ere egingo dute 14:30 aldera, eta amaitzean urtero egin ohi duten zozketari ekingo diote. Bazkarira joan nahi duten lagunek izena eman beharko dute aurrez, eta bihar da horretarako azken eguna. Izena eman nahi dutenek Kutxako 2095 5028 70 9115036181 kontu korronte zenbakian hogei euro sartu beharko dituzte astea bukatzerako. Bazkariko menua honako hau izango da: urdaiazpikoa, kroketak, entsalada nahasia, oilaskoa patatekin, izozkia flanarekin, kafea eta edariak. Denetariko produktuen zozketa Ibilgailu klasikoen topaketaren antolatzaileek aurten ere denetariko produktuen zozketa egingo dute, eta ardo botilak ez dira faltako. Zozketa horretarako errifak jarri dituzte salgai, eta produktuak erakusgai daude Plaza Berriko erakusleiho batean. Dena den, zozketaren saridunek erakusleihoan dauden produktuez gain beste batzuk ere jasoko dituztela aurreratu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide