Emakumeek aurrenekoz parte hartuko dute Azkoitiko Pelotai Eunean

Ainitze Agirrezabala 2018ko maiatzaren 10a

Emakumeen parte hartzea da edizio honen berezitasun aipagarriena. Emakume Master Cup txapelketan aritutako sei bikotek eta herriko beste zortzik eman dute izena Pelotai Eunaren harira antolatzen duten txapelketan. Gizonezkoen txapelketari dagozkion aurrekanporaketak gaur hasiko dira, eta emakumezkoenak, berriz, datorren astean.

Iazko Azkoitiko Pelotai Euneko sari banaketako irudia. (Argazkia: Urola Kostako Hitza eta Pelotai Eune) Tradizio handiko kirola da esku pilota Azkoitian, eta pilotaren sehaska dela sarri esan izan da. Pilotak garai batean herrian zuen indarra, ordea, gainbeheran joan da urteen poderioz, beste kirolen konpetentzia medio. Nolanahi ere, umeen eta gazteen artean afizio horri bultzada bat emateko asmoz, urratsa egin zuten joan den urte bukaeran, eta herriko bi pilota eskolek bat egin zuten. Geroztik, umeak eta gazteak klub bakar batean aritzen dira: Oteiza elkartean, hain zuzen ere. Pilota eskolarekin iritsi diren "haize berriei esker", herrian "gainbeheran" zen zaletasuna "indartzen" ari da, Txulue pilota elkarteko kide Josu Godoyren (Azkoitia, 1991) esanetan. Aurten, laugarrenez egingo dute Azkoitiko Pelotai Eune. Ekainaren 9an izango da aurtengoa; besteak beste, goizean pilota eskolako mutil kozkorren partidak izango dira, eta arratsaldean, berriz, eskolako ikasle diren lau neskek eskainiko dute erakustaldia. Emakumeen parte hartzea da, hain zuzen ere, edizio honen berrikuntza eta berezitasun aipagarriena. Emakumeek lehen aldiz parte hartuko dute Pelotai Eunaren harira antolatzen duten txapelketan. Aurreko edizioetan Azkoitiko Txulue pilota elkarteak zuen "erronketako bat" emakumeek ere Pelotai Eunean parte hartzea izan dela aipatu du Godoyk; baina "ahalegindu" arren, ez zuten "lortu". Aurten, baina, "emakumeei ikusgarritasuna" ematearen helburuak "hutsik egin ezin" zuela iritzita, Eneritz Arrieta azkoitiar pilotariarekin jarri ziren harremanetan elkarteko kideak, eta proposatu zioten Emakume Master Cupen parte hartu zuten hainbat pilotarik beraien artean txapelketa jokatzea Pelotai Eunaren harira. "Baiezkoa eman ziguten, eta pentsatu genuen herriko emakumeak hurrengo urtean animatzeko amuak izan zitezkeela Master Cupeko pilotariak". Txulue pilota elkarteak lortu du arantza kentzea. Izan ere, azkenean, Emakume Master Cup txapelketan aritutako sei bikotek eta herriko beste zortzik eman dute izena Pelotai Eunerako. Emakume Master Cupen aritutakoek datorren asteazkenean neurtuko dituzte indarrak, 18:00etan hasita. Herriko emakumeek, berriz, hilaren 17an eta 24an jokatuko dituzte kanporaketak. Norgehiagoka guztiak Kontzejupean izango dira. Gaur, gizonen partidak Gizonezkoen txapelketari dagozkion aurrekanporaketak, berriz, gaur hasiko dira. Guztira, 42 bikotek eman dute izena aurtengo Pelotai Eunaren bueltan antolatutako txapelketan, eta hogeik aurrekanporaketak jokatuko dituzte gaur eta bihar Kontzejupean, 18:00etan hasita. Fase hori gainditzen duten hamar bikoteak final hamaseirenetan ariko dira. Gizonezkoen txapelketan 16 urtetik gorako azkoitiarrak lehiatuko dira. Hona hemen gizonezkoen aurrekanporaketako partidak: Gaur, osteguna (18:00etan hasita): X. Arregi - J.Oñederra vs U. Ucin - K. Azpillaga Motxa - Txanton vs Aritz - Ander Korta - Andueza vs Ioritz - Xuban Jokin - Gaizka vs Larra - Txitxo Egurrola - Zapirain vs Alex Pio - Usa Bihar, ostirala (18:00etan hasita): Pepo - Epelde vs Godoy - Txaorri Arritte II - Artzabal IV vs J. Olaizola - I. Oteiza Juaristi - Plazaola vs Azkoitia - D. Garate Zabale - Gorka vs Ugaitz - Torria Goenatxotarrak vs A. Madrazo - M. Lizarralde Emakume Master Cup txapelketako pilotarien partidak: Sei bikotek eman dute izena, eta bi multzotan ariko dira. izena. A multzoan, Arrate - Maddi, Ganzarain - Orbegozo eta N. Aramendi - Agirre bikoteak daude. B multzoan, berriz, M. Unanue - Eneritz Arrieta azkoitiarra, A. Urien - B. Vicario eta L. Artetxe - A. Badiola. 18:00etatik aurrera honako lau pilota partida hauek jokatuko dituzte. Maiatzak 16, asteazkena (18:00etan hasita): Arrate - Maddi vs Ganzarain - Orbegozo Ganzarain - Orbegozo vs N. Aramendi - Agirre A. Urien - B. Vicario vs Unanue - Eneritz Arrieta Artetxe - Badiola vs A. Urien - B. Vicario Herriko pilotari nesken aurrekanporaketak: Maiatzak 17, osteguna (18:00etan hasita): Eneritz - Leire vs Maider - Enara Ania - Eneritz vs Edurne - Oihana Maiatzak 24, osteguna (18:00etan hasita): Ane - Oihane vs Libe - Ane Oihane - Nerea vs Saioa - Haizea  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide