Azkoitiko Bizkargi abesbatzako gaztetxoak, Europako Musikari Gazteen Jaialdira

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 9a

Azkoitiko musikari gazteak atzo abiatu ziren Herbeheretara, han egingo baitute Europako Musikari Gazteen Jaialdia aurten. 2016an atzerriko 150 ikasle inguru izan ziren Azkoitian. Orain, Azkoitiko artistak Euskal Herritik atera, eta atzerrira eramango dute beren musika.

Atzo abiatu ziren Bizkargiko ikasleak Herbeheretara. (Argazkia: Maxixatzen.eus) Europako Musikari Gazteen Jaialdia ospatuko dute gaurtik hasi eta igandera bitartean Herbeheretako Sneek herrian, eta han izango dira Bizkargi abesbatzako 28 ikasle. Azkoitiko musikari gazteak atzo abiatu ziren Sneekera autobusez, Donostiako, Errenteriako eta Oñatiko ikasleekin batera. Aurten, At the Watergate izena jarri diote jaialdiari, eta Bizkargiko ikasleek zenbait emanaldi eskainiko dituzte bertan. Euskal Herritik 199 lagun joan dira Sneekera: 28 azkoitiar, 26 oñatiar, 26 errenteriar eta 129 donostiar. Atzerriko musikariekin harremanak egiteko aukera izango dute musikari gazteen jaialdian. Harreman horiek egiteko bidea duela bi urte hasi zuten. Izan ere, Europako Musikari Gazteen Jaialdia Euskal Herrira iritsi zen 2016an, eta azkoitiarrak izan ziren atzerriko lagunak herrian hartu zituztenak. Orduko hartan, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren egitarauaren barruan egin zuten egitasmoa, Emusik izenburupean. Urte hartan, Europako hainbat txokotako 140 eta 150 ikasle inguru izan ziren Azkoitian, musika lau haizetara zabaltzen. Orain, Euskal Herritik atera, eta atzerrira eramango dute beren musika Azkoitiko artistek.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide