Joseba Diaz lasterkaria.
Mendia eta korrika ditu "gustuko" Joseba Diazek (Azkoitia, 1995), eta "bi pasioak uztartzea lortu" du mendi lasterketetan eta bertikaletan parte hartuta.
Asteburu emankorra izan duzu Cabralesen (Asturias). Nolako igoerak izan dira?
Oso gogorrak, desnibel handikoak. Bi eta hiru kilometro inguruko luzera zuten probek, eta 1.000 metroko desnibel positiboa. Igandean Aventon igo nuen, eta esaten dute munduko hormarik handiena dela.
Lehen bertikala erlojuaren aurkakoa zen, eta lasterka irteten azkenetakoa zinen, faboritoen taldean baitzeunden. Errenta apur bat bazenuen, beraz?
Iaz laugarren sailkatu nintzen Cabralesko proban [aurrena 23 urtez azpikoetan], eta, beraz, faboritoen artean nengoen. Noski, abantaila da hori, besteen erreferentziak jakiteaz gain, lekua ezaguna nuelako, eta banekien non estutu nezakeen neure burua. Nolanahi ere, halakoetan neure erritmora joaten naiz; hori bai, dena ematen dut.
Atseden pixka bat hartu, eta eguneko bigarren bertikalari ekin zenion larunbatean. Zer moduz sentitu zinen?
Deskantsatzeko oso denbora gutxi izan genuen; izan ere, proba bukatu, gailurretik beheraino jaitsi, makarroi batzuk jan eta berriz ekin genion. Baina aurreko proba irabazi nuenez, azkena atera nintzen, eta gustura.
Igandeko proban, ederki antzemango zuten ba hankek?
Bai, baina beroketan nahikoa ondo sentitu nintzen, eta erabaki nuen hasieratik dena ematera joan behar nuela. Aurreko proban denbora onena egin genuen lau lasterkariak elkarrekin atera ginen, eta tentsio pixka bat bazen gure artean. Erritmo bizian atera nintzen, baina gora iristerako majo sufritu nuen.
Handia da lortu duzuna. Aurreko edizioetan halako garaipenik lortu al du beste inork?
Pere Rullan kataluniarrak iaz hiru bertikalak irabazi zituen; eta proba horiek irabazten dituen bigarrena naiz.
Noiz hasi zinen mendi lasterketak eta bertikalak egiten?
Bizi osoa daramat korrika, 9 urterekin hasita. Gero, Egoitz Arruti koinatuarekin Pirinioetara joaten hasi nintzen, eta korrika eta mendia hain gustuko ditudanez, biak uztartu eta lehiatzen hasi nintzen, 17 urterekin. Egia esan, denetik egitea gustatzen zait: maratoiak, bertikalak...
Ogibidez fisioterapeuta zara, eta afizioa eta ofizioa, biak uztartzen dituzu. Mendian lasterketak egiteak arazo fisikoak ekar ditzake luzera?
Ondo prestatuz gero, eta genetikak ere lagunduz gero, kalterik ez du egiten. Imanol Aleson azkoitiarra, esaterako, bizi osoa dabil mendian, lasterketak eginez. Baina badira inoiz kirolik egin ez eta kolpera 90 kilometroko probak egiten hasten direnak, eta horrek kaltea besterik ez dakar.
Nola prestatzen zara?
Izugarri gustatzen zait mendia, eta, beraz, ez dut prestakuntza handirik behar; gustura entrenatzen dut. Ikasketak medio, Sorian [Espainia] egon naiz bizitzen, eta 1.000 metroko mendietan entrenatzen nuen. Aurten, Izarraitzen barrena nabil, gora eta behera.
Mendira zoazenean, gel eta barrita zalea zara, edo nahiago duzu motxilan argazki kamera eta gazta on bat eramatea?
Kar, kar, kar. Planaren arabera... Cabralesera gazta eta kamera eramanez gero, gaizki behar nuen. Baina izugarri gustatzen zait motxilan argazki kamera, otartekoa eta sardina lata bat hartu eta presarik gabe orduak eta orduak pasatzea mendian. Gozamena da.
Kirol materialari dagokionez eta, babesik baduzu?
Sport etxeak behar dudan guztia ematen dit, eta asko eskertzen dut, dezente material behar baitugu. Lasterketetan, berriz, beti familiaren, lagunen edo entrenatzailearen babesa izaten dut.
Epe motzean zer beste proba egitea aurreikusten duzu?
Baigorrin [Nafarroa Beherea] bikoteka jokatuko den 27 kilometroko proban parte hartuko dugu Egoitzek eta biok, etzi. Gero, ekainean bi lasterketa jokatuko ditut Pirinioetan eta beste bi uztailean, eta haiek eginda atsedena hartuko dut irailera arte. Izan ere, iaz asko luzatu nuen denboraldia eta psikologikoki oso nekatuta bukatu nuen.