Azkoitiko kirol eta kultur taldeen "erakusleiho" izango den Herrikoloreak proiektua aurkeztu dute

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 4a

Gaur egin dute Herrikoloreak ekimeneko parte hartzaileek agerraldia. (Ane Olaizola) "Kultura eta loreak ondo erein eta zainduz gero, sustrai sendoetan erroturiko landare eta gizarteak sortuko dira. Kolore desberdinetan oinarritutako gizarte eta landare osasuntsu eta zoriontsuak". Ideia horretatik abiatuta, Azkoitian hainbat kultur eragile batu dira, eta azken hilabetetan mamitzen aritu ostean, datorren irailean argia ikusiko duen proiektuaren berri eman dute: irailaren 15ean, Herrikoloreak, Azkoitiko I. Kultur Eguna ospatuko dute, herriko kultur eta kirol talde eta banakakoen arteko harremanak saretzeko eta askotariko afizio eta pasioak partekatu eta ezagutarazteko asmoz. Herrikoloreak "herritik herriarentzako" sortutako ekimena dela azpimarratu dute antolatzaileek. Herrikoloreak hitzaren adiera desberdinekin jolasean, adierazi dute "Azkoitiari kolorea ematen diogun taldeek eta banakakoek" sortu dutela proiektua. Antolatzaileek zein Azkoitiko I. Kultur Egunean parte hartuko duten dozenaka lagunek agerraldia egin dute gaur, eta honakoa adierazi dute: "Ekimen hau osatzen dugunok uste dugu kultura, osasuntsu hazteko, egunero zaindu eta bultzatu behar den zerbait dela. Izan ere, loreek bezalaxe, sustraietan ongi errotuz gero, kulturak herriari kolorea emango dio eta herriaren izaera definituko du, bere alderdi guztietan: osasunean (kirola, jateko ohiturak...), intelektualean (artea, musika, literatura...), historikoan (herri ezagutza, ikerketa, dibulgazioa...). Azken batean, kultura nortasuna da, herri-nortasuna, herriari kolorea eta izaera ematen dizkiona". Hori hala izanik, herriko kultura eta kirol ekimenak modu kolektiboan plazaratuko dituzte irailaren 15ean, eta askotariko ekintzak izango dira herriko hainbat txokotan: kontzertuak, trikitilariak, bertsolariak... izango dira, eta, horrez gain, kirol txapelketak eta erakusketak egingo dituzte herriko eskalada, igeriketa, tenis, pilota, xake, zumba, gimnasia erritmiko eta dantza taldeek zein jarduera horietan aritzen diren norbanakoek. Era berean, margolariak ere kalera aterako dira, eta argazki tourra eta paella txapelketak egingo dituzte. Antolatzaileen arabera, kultur eta kirol taldeen "erakusleiho" izango da Herrikoloreak, eta bakoitzak "modu librean" bere zaletasunak eta nahiak azaleratzeko aukera izango du. Era berean, herritarrak egitasmoaren parte izatera bultzatu nahi dituzte, "egun horretan bizi eta ikusitakoak beraien barruan urte osorako oihartzuna izan dezan eta herritarrak ikusle izatetik eragile izatera igaro daitezen".    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide