Nekane Larrañaga zinegotzia eta Kanku Anaitasuna elkarteko Rita Juaristi eta Juan Murillo. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Emakumeentzako ahalduntze ikastaroen barruan, Azkoitiko Udalak lau tailer antolatu ditu apiriletik ekainera bitarterako. Haietako bi, ordea, –lana bilatzeko
coaching tailerra eta
Genealogia feminista artearen historian– bertan behera geratu dira, taldeak osatzeko nahikoa herritarrek izena eman ez dutelako.
Nekane Larrañaga zinegotziak adierazi du "tamalez, egun batean bai eta hurrengoan ere bai", emakumeen kontrako indarkeria "presente" dagoela. Kasu horiek "salatzeaz eta gaitzesteaz" gain, Larrañagak gaineratu du, indarkeria matxistarekin bukatzeko "lanean jarraituko" duela Azkoitiko Udalak. Zentzu horretan, herriko emakumeak animatu ditu autodefentsa ikastaroan parte hartzera: "Kanku elkarteari eskerrak eman nahi dizkiot, autodefentsa tailerra doan eskaintzeko prestutasuna agertu dutelako, eta ikastaroa eskainiko duen irakaslea emakumea izatea, gainera, aukera ezinhobea da".
Udalak martxoan onartu zuen Emakumeen eta Gizonen arteko II. Berdintasun Planaren barruan antolatu dute emakumeak ahalduntzeko ikastaro sorta. Hain zuzen ere, hil honen 12an abiatuko da emakumeentzako autodefentsa ikastaroa, Kanku Anaitasuna elkarteko Rita Juaristik gidatuta, doan. Hileko bigarren larunbatetan izango dira eskolak Elkargunean, 10:00etatik 13:00etara, eta urte bukaera arte luzatuko da tailerra. Autodefentsa tailerrean izena emateko azken eguna maiatzaren 11 izango da, udaletxeko harrera bulegoan.
Ibilbide "oparoa" du Juaristik: besteak beste, karate eta defentsa pertsonalean tituluduna da, 25 urte daramatza arte horiek irakasten eta epaile lanetan ere aritzen da. Gipuzkoako Karate Federazioko kidea da eta 4 dan maila du.
Kanku elkartearen sortzaile eta karate irakasle Juan Murillok aurreratu du ikastaroa neska kozkorretatik hasi eta adin guztietako emakumeentzat dela. Ikastaroa "praktikoa, erabilgarria eta eraginkorra" izango dela adierazi du Murillok, eta gaineratu du, "alde fisikoa lantzeaz gain, mentala ere garatuko" dutela ikastaroan: "Animaliei bezala pertsonoi ere intuizioak ohartarazten digu arriskuan badgaude, eta erasotuak izan gaitezkeen egoera batean onik ateratzeko baliabideak erakutsiko dizkiegu emakumeei saio horiei esker".
Autoestimua lantzeko saioak
Emakumeentzako ahalduntze ikastaroen baitan, autoestimua lantzeko lau saio eskainiko ditu Miriam Herbon psikologoak, ekainean. Asteazkenetan izango dira jardunaldiak Elkargunean; ekainaren 6an, 13an, 20an eta 27an, alegia. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek izena emateko azken eguna hil honen 25a dute, eta horretarako udaleko harrera bulegora joan behar dute edo berdintasuna@azkoitia.eus helbidera mezua idatzi. Langileek 18 euro ordaindu beharko dute autoestima lantzeko tailerra; langabeek, aldiz, 12 euro.
Bi ikastaroen inguruko informazio gehiago jakiteko interesa dutenek Azkoitiko Udalera deitu dezakete –943 85 71 74 telefono zenbakia– edo
berdintasuna@azkoitia.eus helbidera idatzi.