Ganbara abesbatzak irekiko du kontzertu zikloa. (Hitza)
Maiatza iristearekin batera, Udaberriko Musikaldiak hartuko du Azkoitiko Santa Kutz auzoa. Azkoitiko Udalak antolatuta, 27. urtez eskainiko dituzte kontzertuak auzoko komentuan, eta antolatzaileek "kalitatezko egitaraua" prestatu dute aurtengorako. Larunbatean hasiko da kontzertu sorta, Oñatiko Ganbara abesbatzaren eta orkestraren emanaldiarekin. Aitor Biainek zuzenduta,
Serenity XX eta XXI mendeko doinuak ikuskizuna taularatuko dute.
Bi zati izango ditu etziko kontzertuak: lehenengoan, Stopford, Whitacre, Sarasola, Essenvalds, Gjeilo, Elberdin, Nysted eta Miskinis konpositoreen obrak taularatuko dituzte; bigarrengoan, Gjeiloren musikarekin osatutako kontzertu monografikoa eskainiko dute.
Hurrengo larunbatean, hilaren 12an, Sicut Pratum taldea eta Tolosako Hodei Abesbatza izango dira oholtza gainean. Garai eta estilo desberdinetako musika sakroa eskainiko dute, eta, besteak beste, Italiako abesti herrikoiak taularatuko dituzte.
Hilaren 19ko kontzertua, berriz, Duo L'Incontro bikoteak eskainiko du. Francesca Romana di Nicola harpa jotzaileak eta Itziar Lujanbio oboe jotzaileak osatzen dute bikotea, eta Azkoitiko emanaldian "punta-puntako errepertorio zabala" eskainiko dute.
Khami eta Kalakan taldeek itxiko dute aurtengo Udaberriko Musikaldia, hilaren 26an. Bi taldeek Mugak proiektua sortu dute, eta kantua eta perkusioa uztartuta "energiaz eta magiaz betetako kontzertua" entzun ahal izango da. Izan ere, taldeek fusioz beteko saioa eskainiko dute, txalaparta, alboka, panderoa, txirula eta beste hainbat musika tresnarekin "musika tradizio desberdinak" nahastuko dituzte.
Kontzertu guztiak 18:30ean hasiko dira komentuan, eta, ohi bezala, udalak autobus zerbitzua jarriko du saio guztietara joateko eta handik itzultzeko. 18:00etan aterako da Consum Eroski aurretik, eta kontzertua amaitu ostean jaitsiko dira herrigunera.