Amagoia Gurrutxaga kazetari eta idazle azpeitiarra. (Argazkia: Aritz Mutiozabal)
Udaberriko lili eztandarekin batera ernetuko da Maiatzeko Lorak egitasmoa laugarren urtez jarraian, Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatuta. Guztira, bi hitzaldik eta solasaldi batek osatuko dute egitaraua; hilaren 10ean izango da estreinakoa, eta ostegunetan izango dira saioak Elkarguneko Oteiza aretoan, 19:00etan.
Maxixatzen euskara taldea izanik, egitasmoaren "helburu nagusiak euskara eta kultura sustatzea, herritarrei horien berri ematea eta gozatzea" direla adierazi du Aitor Arruti (Urrestilla, 1968) elkarteko kideak.
Gaur zortzi abiatuko da zikloa, eta lehen saioan euskara izango dute hizpide, Euskaraldia "aitzakia" hartuta. Iñaki Arruti Lasarte-Oriako euskara teknikaria ariko da hizlari, eta besteak beste, azaroan eta abenduan egitekoa den Euskaraldia ekimenaren inguruko azalpenak emango ditu. Maxixatzeneko Arrutiren esanetan, euskalgintzan urteak daramatzan teknikariak "azalduko eta piztuko" du Euskaraldiaren "hazia" Azkoitian, ondoren, azaroan, "ernetako hazi hori bete-betean herrian garatu" dadin.
Gerra Zibilaren lekukoak
Bigarren hitzaldia hilaren 17an izango da, eta memoria historikoa izango du hizpide Amagoia Gurrutxaga azpeitiar kazetariak eta idazleak. Gerra Zibilaren garaiko eta ondorengo testigantzetan oinarrituta, "dokumentazio lan ikaragarria" egin zuen duela urte batzuk Gurrutxagak. Lanketa mardul haren emaitza dira
Zarauzko gutunak eta
Zarauzko postalak liburuak, eta horiek ardatz dituen
Gerra gauza alua da hitzaldia eskainiko du azpeitiarrak. Arrutik dio memoria historikoaren inguruan Gurrutxagak duen ikuspegia "gustuko" dutela, eta memoriaren gaia lantzeko "hizlari egokia" iruditu zitzaiela kazetaria. Aurkezle lana Ekaitz Etxezarreta historialari azkoitiarrak egingo du. Historia Garaikidean espezializatuta dago azkoitiarra, eta Maxixatzeneko kideei "aproposa iruditu" zitzaien Gurrutxagarekin batera memoriaren gaia lantzeko.
Euskal musikarekin lotutako solasaldia izango da zikloaren hirugarren eta azken alea. Juan Carlos Perez izango da protagonista; bere ibilbideaz ariko da Itoitz taldeko abeslari ohia. Passepartout taldeko Itziar Beitiak elkarrizketatuko du, eta bi musika aroren artean "zubi lana" egingo dutela aurreratu du Arrutik. Herritarrek aukera izango dute Perezi galderak aurrez egiteko,
maxixatzen@maxixatzen.eus helbidera idatzita. Galdera horiek egingo dizkio gero Beitiak musikariari.