Passepartout taldeko kideak. (Passepartout)
Sinergia diskoak argia ikusi zuenean
aurreratu zion Passepartoutek UROLA KOSTAKO HITZAri taldearen bigarren diskoa aurkeztuko zuela maiatzaren 18an, baina orduan ez zuten kontzertuaren lekua lotuta. Orain, diskoak Interneten eta entzuleen belarrietan lekua egin duenean, jakinarazi dute Passepartouteko bost artistek non emango duten
Sinergia herriratzeko eta aurkezteko zuzeneko emanaldia. Azkoitiko Baztartxo antzokia aukeratu dute bigarren diskoaren aurreneko kontzertua emateko. Emanaldia 22:30ean hasiko da.
Hamabi kantu jaso dituzte diskoan; horietatik bi instrumentalak dira, eta gainontzekoak abestuak. Aurreko lanean bezala, abesti guztiak euskaraz ondu dituzte, eta Tomas Lizarazuk azaldu zuenez, “disko koherente bat” egiten ahalegindu dira, hasieratik bukaerara. “Kantuak banaka entzuteko aukera hor dago, baina diskoa hasieratik bukaerara entzuteak zentzua izatea nahi genuen, zentzua ematea kantu bakoitzak diskoari. Horretarako, mugarik ez dugu jarri sormen aldetik, nahikoa aske ibili gara, eta oso kantu ezberdinak sortu ditugu”.
Aurreko lana eta kaleratu berri dutena “oso ezberdinak” direla dio Lizarazuk. “Aurreko diskoarekin konparatuta, musikalki askoz ere gordinagoa eta zuzenagoa da honakoa. Beste lana lasaiagoa eta progresiboagoa zen, agian, eta oraingo honetan ez dugu hainbesteko pausarik egin…”.
Passepartout izeneko diskoaren ostean, iazko udan hasi ziren
Sinergiari forma ematen, eta orduan ekin zioten entseguei. Diskoa joan den urtarrilean grabatu zuten Arrasateko Shot! estudioan, Alberto Martinez eta Ander Barriusoren gidaritzapean. Gaztea irratiaren Maketa Lehiaketako entzuleen saria irabazi zuten azkoitiarrek, eta Bilboko Kafe Antzokiko finalean izan ziren.
UROLA KOSTAKO HITZAk Passepartouten Sinergia diskoaz egindako erreportajea,
hemen.