Hiru hitzaldik osatuko dute Maiatzeko Lorak egitasmoa, Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 26a

2018ko Maiatzeko Lorak egitasmoaren kartela. Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Maiatzeko Lorak egitasmoa antolatu du beste urte batez. Guztira, hiru hitzaldik osatuko dute egitaraua, eta maiatzaren 10ean izango da lehenengoa. Iñaki Arruti Lasarteko euskara teknikariak azaroa eta abendua artean egitekoak diren Euskaraldia ekimenaren inguruko azalpenak emango ditu egun horretan. Maiatzaren 17an, berriz, Amagoia Gurrutxaga idazle eta kazetariak Gerra gauza alua da hitzaldia eskainiko du. Zarautzen bizi den azpeitiarrak 1936ko gudaren inguruko bi liburu idatzi ditu: Zarauzko postalak eta Zarauzko gutunak, eta horien inguruko solasaldia emango du. Azkenik, Juan Carlos Perez musikariak itxiko du Maiatzeko Lorak. Maiatzaren 24an, Itoitz taldeko abeslari ohiak bere ibilbideaz arituko da hizketan. Saio "irekia" izango da, herritarrek aurrez galderak bidaltzeko aukera izango dutelako. Horretarako, maxixatzen@maxixatzen.eus helbidera idatzi daiteke. Solasaldi guztiak 19:00etan izango dira, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide