Iazko Floreaga festetako irudi bat. (Ihintza Elustondo)
Apiril bukaerako eta maiatz hasierako egunak iristearekin bat etorriko dira aurten ere Floreaga auzoko festak. Aurten, gainera, maiatzaren 1a zubiarekin ere badator eta, hori baliatuta, bost egunerako egitaraua prestatu dute; ohi baino egun bat gehiago izango dute, beraz, jaiez gozatu nahi dutenek.
"Guztiekin pentsatutako festak egiten ahalegindu gara. Asmatzea ez da erraza izaten, baina helburu horrekin egiten dugu lan", dio Pili Iriondok. Floreagako festak antolatzeaz arduratzen den "bost-sei" laguneko taldekidea da Iriondo.
Azken urteetakoen antzeko osagaiak izango dituzte 2018ko festek. Ostiralean, txupinazoaz gain, mus txapelketa izango dute. Zapatuan, auzoko bolo taldeak antolatuta, gaztetxoentzako zein helduentzako txapelketak izango dira. "Boloen kirola aldarrikatzeko modu bat da, eta Floreagako taldeak egiten duen lana aitortzeko ere bai. Gainera, umeei beste kirol batzuk ere badaudela erakusteko bide bat da", azaldu du Iriondok. Zezen txikiak eta pottokak, afaria eta erromeria, triki-poteoak, lehiaketak, umeentzako ikuskizunak, gazteen gunea txosnaren bueltan... Askotariko hitzorduak prestatu dituzte egun bakoitzerako.
Etorkizuna jorratzen
Gainerako egunetan ere umeentzako ekitaldirik ez da faltako, baina astelehenerako prestatu dituztenak "bereziki umeei eskainitakoak" direla nabarmendu du Iriondok. "Festak denontzako diren arren, egia da umeek pisu handia dutela. Garrantzitsua iruditzen zaigu haiei eskainitako ekitaldiak antolatzea, etorkizunean festek bizirautea nahi badugu, lekukoa baten batek hartu beharko duelako".
Egun horixe da aurten jaiei gehitu dietena, eta bertso afariarekin eta trikitilariekin borobilduko dute hilaren 30ekoa. Maiatzaren 1ean, berriz, Floreagako festen ikur den umeen krosa egingo dute, orain dela hiru urte egiten hasi ziren amen eta amamen lasterketarekin batera.
Eguraldiak laguntzen ez badu puzgarriak, adibidez, Floreaga ikastetxeko frontoian jarriko dituztela ere aurreratu dute.
Hona hemen festetako egitaraua:
-Apirilak 27, ostirala
19:00. Txupinazoa.
22:00. Mus txapelketa.
-Apirilak 28, larunbata
11:30. Bolo txapelketa, 15 urtetik beherakoentzat.
12:30. Bolo txapelketa, helduentzat.
17:00. Eskoba txapelketa, Floreaga tabernan.
17:00. Zelailuze ganadutegiko zezenak eta pottokak.
21:00. Afaria eta erromeria Izer eta Alabierrekin, Floreaga tabernan.
23:00. Gazte gaua txosnan, DJ Blanck eta DJ Kanutorekin.
-Apirilak 29, igandea
09:00. Auzoan hildakoen aldeko meza, Floreagako kaperan.
11:00. V. Patata tortilla lehiaketa.
12:00. Triki-poteoa.
15:00. Puzgarriak.
16:00. Buruhandiak.
22:30. Gazte gaua txosnan.
-Apirilak 30, astelehena
11:30. Apar festa.
17:00. Txan magoa.
18:00. Buruhandiak.
19:00. Triki-poteoa.
21:00. Bertso afaria Floreagako tabernan Julio Sotorekin eta Aratz Igartzabalekin, eta Izer eta Alabier trikitilariekin.
22:30. Gazte gaua txosnan.
-Maiatzak 1, asteartea
11:00. Gurutzetxoko XXXVI. Krosa. Izen ematea: 09:30etik 10:45era, tabernan.
14:00. Bazkaria, Floreagako tabernan.
17:00. Zelailuzeko zezenak eta pottokak.
18:00. Buruhandiak.
20:00. Festen amaiera.