Eman daiteke izena XLVIII. Azkoitiko Txikitoren oroimenezko pilota txapelketan

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 24a

8 urtetik 12 urtera arteko neska-mutilek eman dezakete izena txapelketan. Lau mailatan banatuta jokatuko dute sariketa parte-hartzaileek. Izen-ematea egiteko azken eguna maiatzaren 3a izango da.

Zabalik da XLVIII. Azkoitiko Txikitoren oroimenezko pilota txapelketan izena emateko epea. Gaur, asteartea, ireki du izen-ematea Oteiza pilota elkarteak, eta maiatzaren 3ra arte egongo da zabalik. Txapelketan 8 urtetik 12 urtera arteko neska-mutilek har dezakete parte. Antolatzaileek lau mailatan banatu dute Txikitoren oroimenezko sariketa. Adinaren arabera hiru maila izango dira: 8 urtekoena —2010ean jaiotakoena—; 9 eta 10 urtekoena —2008 eta 2009 urteetan jaiotakoena— eta 11 eta 12 urtekoena —2006 eta 2007 urteetan jaiotakoena. Laugarren maila neskena izango da. Partida egunak mailaren araberakoak izango dira. 8 urteko mutilek, 9 urtekoek eta 10 urtekoek astelehenetan eta asteazkenetan jokatuko dituzte partidak. Aldiz, 11 urteko mutilek eta 12 urtekoek eta neskek,  astearteetan eta ostegunetan jokatuko dituzte pilota partidak. Oteiza pilota elkarteak jakinarazi duenez, "beharrezkoa bada" asteburuetan ere jokatuko dituzte partidak. Bi modutara egin daiteke izen-ematea: 667 50 39 18 zenbakira mezu bat idatzita eta Gurea pilotalekura gerturatuta. Izena emateko azken eguna maiatzaren 3a, asteazkena, izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide