Mailari eusteko "kinka larrian" da Anaitasuna klubeko gizonen lehen taldea

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 24a

Anaitasunako jokalariak, joan den asteko Durangoren aurkako partidan. (Anaitasuna) Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko gizonen lehen taldea Espainiako Hirugarren Mailan segitzeko "kinka larrian" da. Hiru partida falta dira liga amaitzeko, eta taldeek kalkuluak eginak dituzte datozen partidetarako. Egun, sailkapenaren hemezortzigarren postuan da Azkoitiko taldea, 29 punturekin, eta aurretik du Club Bermeo, zazpi puntutara. Hori hala, Anaitasunak partida guztiak irabazi beharko ditu Bermeori aurre hartu eta Hirugarren Mailan jarraitu ahal izateko, baina Bermeoko taldearen emaitzek ere eragingo dute Azkoitikoaren jarraipenean; izan ere, Bermeok nahikoa izango du bi puntu lortzea Espainiako Hirugarren Mailan jarraitzeko. Era berean, bi taldeek liga puntuetan berdinduta amaituko balute, Bermeok egingo luke aurrera,  Bizkaiko taldeak azkoitiarrek baino gol gehiago sartu dituelako Anaitasunaren kontra jokatutako partidetan. Espainiako Hirugarren Mailan, azken hiru postuetan dauden taldeak zuzenean jaisten dira mailaz, baina posible da laugarren bat ere jaistea. Hain zuzen, Espainiako Bigarren B Mailatik Hirugarren Mailara Bizkaiko, Gipuzkoako edo Arabako talderen bat jaitsiko balitz, laugarren bat ere mailaz jaitsiko litzateke Hirugarren Mailatik. Beraz, Bigarren B Mailako Vitoria Hirugarren Mailara jaisten bada, Bermeo eta Anaitasuna, biak, mailaz jaitsiko dira. Anaitasuna jakitun da "egoera zailean" dagoela, baina ez du itxaropenik galdu, eta "azken partidaraino borrokan jarraitzeko prest" agertu da. Taldearen helburua da Somorrostroren aurkako aste honetako partida irabazi eta ligan jarraitzeko aukerak edukitzea datozen asteetan ere. Horretarako, ordea, Bermeoko taldeari begira dira; izan ere, asteburuan, Portugaleteko taldearen aurka jokatuko du Bermeok, eta bigarren postuan dago Bizkaiko taldea. Anaitasunak, berriz, zazpigarren postuan dagoen Somorrostroren aurka jokatuko du larunbatean, Muskizen. Egutegiari dagokionez, Bermeok "zailagoa" duela esan du Anaitasunak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide