Igandean hasiko dira Matadeiko Bebarruko Jardunek

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 20a

Igandean hasi eta maiatzaren 23a arte izango da zer egin eta zertaz gozatu Bebarruko Jardunetan. Antzerki, kontzertu eta zine emanaldiek ez dute hutsik egingo aurten ere. Izan ere, bueltan da laugarrenez Matamation helduentzako animazio zikloa. Horiek ez ezik, Pinhole-zinema tailerra antolatu dute.

Aurtengo Bebarruko Jardunek iragartzeko egin duten kartela. (Alots Arregi) Ate joka daude udaberriko Bebarruko Jardunek Azkoitiko Matadeixen. Beste urte batez, zine emanaldiak, antzerkiak, kontzertuak eta tailer bat antolatu dituzte Matadero Ekintzak taldeko lagunek. Igandean, hilak 22, ekingo diote prestatutako egitarauari Bizimiñak antzezlanarekin. Horren ostean, beste hainbat jarduera izango dira Matadeixen maiatzaren 23ra bitartean. Antzezlan bat arduratuko da 2018ko udaberriko Bebarruko Jarduneken egitaraua estreinatzeaz, Itziar Elias azkoitiarrak zuzendutako Bizimiñak obra hain zuzen. Igandean eskainiko dute emanaldia, 19:00etan hasita. Haren ondotik iritsiko dira gainerako ekintzak. Horien artean, Matamation helduentzako animazio zikloa. Laugarrenez antolatu dute aurten helduentzako animazio zikloa. Gainera, berrikuntza moduan, Pinhole-zinema tailerra antolatu dute Matadeiko lagunek, "norberak bere kasko kamera egiteko aukera izan dezan". Tailerra maiatzaren 19an eskainiko dute, 12:00etatik 17:00etara, eta parte hartzeko aurrez eman behar da izena mataderoekintzak@gmail.com helbidera idatzita. Hona hemen Bebarruko Jardunen egitaraua osorik: Kontzertuak:  Apirilak 28, 22:30ean, Gentemayor eta Conteiner. Maiatzak 5, 22:30ean, Gotatunneln Trio eta Ricardo Tejero & Joxean Rivas. Maiatzak 11, 22:30ean, Plum Green eta Serpiente. Maiatzak 20, 19:00etan, Amorante. Antzerkia Apirilak 22: 19:00etan, Bizimiñak antzezlana. Zinema - 4. Matamation  Film denak asteazkenetan emango dituzte, 21:30ean hasita, azkena izan ezik; Baztartxon izango da maiatzaren 25eko saioa, 22:00etan. Apirilak 25: La Jeune fille sans mains. Maiatzak 2: Lu Over The Wall. Maiatzak 9: The Breadwinner. Maiatzak 16: Allegro non troppo. Maiatzak 23: The tale of princess Kaguya. Maiatzak 25: Isle of Dogs. Tailerra Maiatzak 19:  12:00etatik 17:00etara,  Pinhole-zinema tailerra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide