Desgaitasuna dutenei lan aukerak eskaintzeko Pauso Berriak proiektura batu da Azkoitiko Udala

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 20a

Desgaitasuna duten pertsonen lan munduratzea sustatzea xede duen Pauso Berriak programara batu da Azkoitiko Udala. Egitasmoa Gureak eta Atzegik elkarlanean garatu dute eta pertsona horiei lan ibilbidean laguntzen diete, formakuntza eta lan praktikak eskainiz. Hitzarmena medio, aste honetan hasi da Azkoitiko Udalean lanean Ander Idoeta azpeitiarra.

Azkoitiko Udaleko, Pauso Berriak ekimeneko eta Atzegiko ordezkariak eta Ander Idoeta azpeitiarra. (Argazkia: Azkoitiko Udala) Desgaitasuna duten pertsonen lan munduratzea sustatzea xede duen Pauso Berriak programara batu da Azkoitiko Udala, erakundearen konpromiso soziala "berretsiz". Gureak eta Atzegik elkarlanean garatu duten egitasmoa da Pauso Berriak, eta zailtasunak dituzten pertsona horiei beraien lan ibilbidean laguntzea du xede, formakuntza eta lan praktikak eskainiz. Ekimenari esker, Azkoitiko udaletxean hasi da lanean 21 urteko Ander Idoeta azpeitiarra. 1.000 orduko iraupena duten lan praktikak egingo ditu Idoetak Azkoitiko udalean, eta hango hainbat sailetan arituko da lanean. Besteak beste, posta banatzeaz, fotokopiak eta eskanerrak egiteaz, balio ez duten txostenak suntsitzeaz, prentsa jasotzeaz eta antolatzeaz, bilera gela prestatzeaz eta dokumentuak gutun-azaletan sartzeaz arduratuko da Idoeta.Astelehenean hasi zen lanean Idoeta, eta Azkoitiko Udalaren esanetan "pozik eta irribarretsu" agertu zen udaletxera azpeitiarra, Gureakeko eta Atzegiko arduradunek lagunduta. Lehen lan egunean, Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia zinegotziak egin zioten harrera, eta jarraian Udaleko sail guztiak bisitatu zituzten lankide teknikariak eta udal ordezkariak ezagutzeko. Pauso Berriak egitasmoko arduradunen esanetan, lanean hasterako formakuntza ikastaro bat egin du "lan konpetentziak lantzeko, gaitasunak identifikatzeko eta dituen ahalmen, nahiak eta interesak ezagutzeko". Proiektua kudeatzen dutenek gaineratu dute saio horrek Anderren profilaren ezaugarrietara "ondoen egokitzen den enpresa bilatzen" laguntzen diete. "Udalak, bere aldetik, hasieratik erakutsi du elkarlanerako prestutasuna espazioak eta lanak egokituz". Idoetarekin zuzeneko harremana izango dutenek ere sentsibilizazio eta coaching saio bat jaso dute Pauso Berriaken eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide