Larunbateko partida Bazkidearen Eguna izendatu du Anaitasuna Futbol Klubak

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 17a

Hirugarren Mailako taldea, Balmasedaren aurka. (Anaitasuna) Espainiako Hirugarren Mailan lehiatzen ari den Anaitasuna futbol klubaren gizonen taldea azken txanpan murgildu da. Lau jardunaldi dituzte aurretik liga amaitzeko, eta aste honetan Cultural Durango taldea hartuko du etxean. Sailkapenaren lehenengo postuan dago Bizkaiko taldea, eta erronka "zaila" bada ere, klubaren helburua da Durangori irabaztea, datorren denboraldian Espainiako Hirugarren Mailan segi dezaten. Hori dela eta, Bazkidearen Eguna izendatu dute larunbateko norgehiagoka. Bazkide bakoitzak bi lagun gonbidatu ahalko ditu partidarako, eta gonbidatuek bazkideekin batera sartu beharko dute Txerloira, sarrerekin arazorik egon ez dadin. Horrez gain, klubak zaleei dei egin die Anaitasunako kamiseta edo bufandarekin joan daitezen partidara. Egun, sailkapenaren 18. postuan da Azkoitiko taldea, eta mailan jarraitzeko "aurkari zuzena" Bermeo dute, zazpi puntura. Cultural Durangori irabazi eta mailan mantentzea erronka "zaila" badute ere, posible dela azpimarratu dute, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte larunbateko partidara. 17:00etan hasiko da norgehiagoka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide