Leonor Montori: "Ez nago damututa hutsetik hasi izanarekin"

Ainitze Agirrezabala 2018ko api. 17a, 10:08

Bizitza goitik behera erauzteko prozesua hasi zuen duela bost urte azkoitiarrak, eta esperientzia horren harira bi liburu idatzi ditu gaztelaniaz, bere ama hizkuntzan.

Leonor Montori sendatzailea eta idazlea. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala) Bizitzan 180 graduko bira eman duzu berriki. Nor zaren galdetzen dizutenean, zer diozu? Une honetan, sendatzailea eta idazlea naiz. Duela bost urte, 40 urterekin, jabetu nintzen hilda nengoela, nahiz eta bizirik egon. Dena nuen: etxe ederra ordainduta, senarra, alaba, lan finkoa etxe ondoan... baina nire bizitzak ez zuen zentzurik. ‘Zertarako nago hemen?’, galdetzen nuen. Izan ere, ez da normala hainbeste urte lanean pasatu, hiltzea eta kito. Jaungoikoaren mezua jaso nuen: aldatzen zara edo hil egingo zara. Nolakoa izan da prozesua? Bortitza, egundoko bira eman behar izan dut-eta bizitzan. Material aldetik beti eduki dut dena, baina alde emozionala oso hutsa izan dut umetatik. Etxean txikitatik jaso dudana segurtasun eza izan da, beldurra, bizitza gogorra dela, maitasun falta... Guzti horren ondorioz, zauri handi bat nuen barruan. Horregatik, nire lehen frontea ama izan da. Berak ez du ulertzen hau guztia, baina aitortu diot berari esker nagoela hemen, eta nire maitasun guztia ematen diot, baina ja nik nire bizitza egiten dut eta bera bere lekuan dago.  Horrez gain, arraindegiko lana ere utzi egin nuen, eta senarrarengandik ere banandu egin nintzen 27 urte eta gero. Lan asko egin nuen horretara ez iristeko, baina azkenean jabetu nintzen alferrik zela. Senarrak ez zuen ulertzen, ez onartzen, nire aldaketa. Urte askoan egon naiz hari begira eta gauzak berak nahi zituen bezala egiten; eta guztia hankaz gora ez jartzearren urte asko pasatu ditut eutsi eta eutsi. Nik ezin dut albo batera laga nire bidea, eta nik ezin dut behartu inor nire bidea jarraitzera. Alaba, aldiz, bizitzako oparirik ederrena izan da. Nire lagunekin honetaz hitz egitea, berriz, ezinezkoa da. Renacer a los 40 liburua argitaratu duzu. Zer kontatu duzu izenburu horren pean? Nire aldaketa sakon hori jaso dut: bizitzako lehen urteetan nolakoa nintzen eta hilda nengoela jabetu nintzenetik zer aldaketa eman dudan. Bizitza joko bat da arau batzuekin, eta horiek behar bezala ulertu eta fitxa bakoitza egoki mugitu dudanean lortu dut benetako askatasuna. Neure buruarekin lana oso gogor eta sakon egin dut, ez nago damututa hutsetik hasi izanarekin; guztia perfektua da orain. Leonor naiz orain. Lehen, besteekin ondo geratzeko edo albokoa nirekin ondo egoteko rol desberdinak jokatzen nituen bizitzako esparru desberdinetan. Jabetu naiz bizitza antzerkia zela. Zer harrera ari da izaten lana? Jendeak oso ondo hartu du, eta askok esan didate nirekin identifikatuta sentitzen direla. Azkenean, liburua idatzi dut, batik bat, jendeak ikusteko beste bide bat dagoela. Ez duzula zertan agoantatu zauden horretan edo duzun horrekin bizi guztia, hil arte. Bigarren lanak, Autosanacion integral segun Leonor Montori entrando en la cuarta dimension, aurki ikusiko du argia. Nire bizitzaren eta arimaren medikua neu izan naiz. Pertsonok sentitzen ditugu gauzak baina askotan ez diegu seinale horiei kasu egiten. Konpromiso bat hartu nuen nire buruarekin benetan sentitzen dudana egiteko. Nolako esperientzia izan da liburuak idaztearena? Argitaletxe batetara liburu batekin joaten zarenean ateak zabaltzea ez da erraza. Bizitzan beste gauza asko bezala, liburua argitaratzearena beste froga bat zela pentsatu nuen, eta neronek ordaindu dut argitalpena. Zuk zeuk hainbat terapia lantzen dituzu. Zer terapia lantzen dituzu egun? Naturopata naiz, eta alde emozionala lantzen dut. Jada behar ez ditugun sinesmen asko ditugu buruan: adibidez, mundu hau gogorra dela, ama izatea ez dela munduko gauza onena... Niretzat bizitza askoz politagoa eta errazagoa da. Sinesmen asko hautsi behar izan dut eta barneko gauza guztiak berriz programatzeko lanketa handia egin behar izan dut. Norbaitek zugana jotzen duenean, zer egiten duzu? Pertsonari eskatzen diodana da barnean gordeta duen eta min ematen dion zauri hori azaltzeko. Zauri hori landu behar dugu gauza asko ulertzeko, eta gertatu zaizkigun gauza askori beste begi batzuekin begiratzeko. Sendagairik onena maitasuna da. Zentzu horretan, zer iritzi duzu medikuntza konbentzionalaz? Odol analitika batek ez du jasotzen pertsonaren egora emozionala, eta, beraz, ez dago ondo interpretatuta. Mediku arrunt batek ez du aztertzen pazientearen alde emozionala, organo bakoitzera zer emozio dauden lotuta. Nire aholkua da medikua bai, baina larrialdi kasuetarako. Gainontzean, gure gorputza makina perfektua da gaixotasunei buelta emateko. Kontua da pazienteak horretan sinestea eta, batez ere, nahi izatea eta onartzea zure bizitzan zerbait aldatu beharra duzula, ondoren alde fisikoa eta emozionala lantzen hasteko. Kritikarik jasotzen duzu egiten duzunaren harira? Gertatu zait gertuko pertsona batek kolesterol arazoa izatea, nik belar bat hartzeko aholkatzea, eta barre egitea, txorakeria dela iritzita. Baina, denborak bakoitza bere lekuan jartzen gaitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide