Marea Urdinari babesa emateko elkartasun kontzertua eskainiko dute ostiralean, Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 16a

Azkoitiko eta Donostiako musika eskolako ikasleek hartuko dute parte kontzertuan. (Maxixatzen) Azkoitiko eta Donostiako Musika eta Dantza Eskolako ikasleek elkartasun kontzertua eskainiko dute ostiralean, Marea Urdina egitasmoari elkartasun adierazteko asmoz. Donostiako Kamerata eta Konboak eta Bizkargi abesbatzak hainbat talde eta musikarien abestiak taularatuko dituzte; besteak beste, Ken Zazpi, Zea Mays, Niko Etxart, Juantxo Zeberio eta Sorotan Beleren kantuak entzun ahal izango dira Baztartxo antzokian, eta Marea Urdina taldeak itxiko du kontzertua, Marea Urdina abestiarekin. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta hamar urtetik gorakoek hiru euro ordainduko dute. Irabazitako diru guztia Marea Urdina egitasmora bideratuko dute. Enekoitz Martinezek zuzenduko du emanaldia, eta abesbatza Maje Larrañagak gidatuko du. Donostiako eta Azkoitiko taldeek elkarlanean eskainiko duten lehenego kontzertua izango da ostiralekoa. Izan ere, maiatzaren 9an eta 10ean Herbeheretan egingo duten europar musikari gazteen jaialdian ere elkarrekin hartuko dute parte. Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat lagunek abiatu zuten Marea Urdina egitasmoa, gizartea autismoaren inguruan sentsibilizatzeko asmoarekin. Horretarako, uztailaren 7an eta 8an igeriz zeharkatuko dute Gipuzkoako kostaldea. 62 kilometroko itsas zeharkaldia egingo dute, eta, besteak beste, Zumaiatik, Getariatik, Zarauztik eta Oriotik igaroko dira.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide