Pablo Hasel: "Erregimen terrorista hau arriskuan jarri nahi dut nire artearekin"

Ane Olaizola 2018ko apirilaren 13a

Pablo Hasel rap abeslariak eta Glaukoma taldeak kontzertuak eskainiko dituzte bihar, Azkoitiko plazan, 22:30etik aurrera. Um Blem Ble tabernarien elkarteak antolatu ditu emanaldiak.

Pablo Hasel Zuzenak bezain polemikoak dira Pablo Hasel (Lleida, Katalunia, 1988) rap abeslari eta poetaren hitzak, eta horiek ondorio zuzenak ekarri dizkiote sortzaileari. Izan ere, 2011n lehen aldiz atxilotu zutenetik, hainbat auziri egin behar izan dio aurre. Azken kartzelatze aginduaren aurkako helegitea onartuko duten zain den honetan, kontzertua eskainiko du bihar Azkoitiko plazan. Joan zen hilean, bi urte eta egun bateko espetxe zigorra eta 24.300 euroko isuna ezarri zizun Espainiako Auzitegi Nazionalak terrorismoari gorazarre egitea eta Espainiako koroa eta segurtasun indarrak iraintzea leporatuta. Zuk, berriz, salatu duzu txio batzuengatik eta kantu batengatik zigortu zaituela. Poliziaren tortura eta hilketa kasuen inguruko txioak idatzi nituen. Beste txio batzuetan, preso politiko antifaxistei elkartasuna adierazi nien eta erresistentziarako eredu bezala jarri nituen. Horrez gain, Juan Carlos el Bobón abestian koroaren gaiztakeria guztiak salatu nituen. Hori guztiagatik zigortu naute. Batetik, epaia estatuaren mendekua izan da. Izan ere, aurretik bi urteko espetxe zigorra jaso nuen eta ni apaltzea nahi zuten. Ez dut, ordea, halakorik egin, eta, horregatik, nire aurkako beste hiru auzi zabaldu zituzten. Bestetik, turko-buru gisa erabili naute, gainontzeko artistak beldurtu daitezen. Ezin dute rap abeslari denen aurka joan, beraz, batzuen aurka jotzen dute, beldurra eragiteko. Izuaren kanpainaren barruan dago epaia, artistek zerbait salatu aurretik bi aldiz pentsa dezaten. Adierazpen askatasuna mugatu nahi dutenen jomugan zaudete rap abeslariak, lehen ez bezala. Zergatik? Hitz esplizituak egiten ditugun rap abeslarien belaunaldi bat sortu da, eta erregimenaren zutoinak salatzen ditugu. Besteak beste, preso politiko antifaxisten askatasuna aldarrikatzen dugu, eta gai hori tabua izan da orain arte. Arriskutsuak gara zentzu horretan, gure musikak gazteekin konektatzen duelako eta haiei pentsarazi egiten dielako. Fiskalak epaiketan esan zuen pertsona arriskutsua nintzela, oso ezaguna naizelako eta jendea mobilizatzera bultzatzen dudalako; beraiek onartzen dute arriskutsuak garela. Gainera, erregimena jasaten ari den krisiarekin egokitu da garai hau. Herria ohartu da erregimenak gutxi batzuen interesen alde egiten duela, eta gero eta protesta gehiago egiten direnez, errepresioa erabiltzen dute hori guztia sahiesteko. Badakite artea erreminta garrantzitsua dela jendearen kontzientzia pizteko. Txotxongilolari eta rap abeslariak espetxera, musika taldeak epaitegira eta hainbat artelan zentsuratuta. Kultur arloan egiten diren salaketak isiltzea al dute helburu? Hori beti gertatu da. 1939an, faxistek boterea hartu zutenean, askatasun eta eskubide demokratiko guztiak suntsitu zituzten, eta oraindik ez dira berreskuratu. Egungoa ulertzeko iragana ezagutu beharra dago. Trantsizio garaia faxismoaren jarraipena izan zen, eta horrek eraman gaitu gaur egungo egoerara. Garrantzitsua da jakitea hau aspalditik datorrela, eta Euskal Herrian ondo ezagutzen dute hori: egunkariak itxi dira, kazetariak espetxeratu eta torturatu dituzte... Arriskuan al dago sormena? Sormenerako askatasunik ez dago; nahikoa da halako errepresioa egotea adierazpen eta sormen askatasunik ez izateko. Ezagutzen ditudan artista askok ez dituzte hainbat gauza esaten, badakitelako beraien ibilbidean ondorioak jasango dituztela. Izan ere, halako kasuekin ate asko ixten zaizkizu. Ondorioen beldur, inoiz zentsuratu al duzu zure burua? Beti dago gutxieneko autozentsura, bestela, bihar bertan joango nintzateke kartzelara. Baina ez nago prest zenbait gauzen inguruan isiltzeko, eta elkartasuna adieraziko diet gure eskubideen alde egin zutenei. Mezua, asko apaltzen denean, kaltegabea bihurtzen da, eta nire artea erregimen terrorista honentzat arriskutsua izan dadin nahi dut. Ez dago iraultza erosorik, eta nik, iraultzaile bezala, errepresioa jasan dut. Garaipenaren bidea da hori. Non daude adierazpen askatasunaren mugak? Ezin da modu abstraktuan hitz egin adierazpen askatasunaz. Ezin dira maila berean jarri etorkinen aurka egiten duten nazien adierazpen askatasuna eta haien alde egiten dugunona. Desberdindu egin behar dira faxismoaren gorazarrea egiten dutenen eta eskubide demokratikoen alde egiten dugunon adierazpen askatasuna. Sare sozialetan askotariko iritziak irakur daitezke, baina badirudi diskurtso jakin baten aurka egiten dutela soilik. Zerk haserrarazten ditu? Faxistak izanik, ez dute joko beraiek bezala pentsatzen dutenen aurka. Logikoa da faxistek adierazpen askatasun osoa izatea, babestuta baitaude. Abestiez baino, kantuetan esaten den horren beldur dira. Badakite gure abestiekin jendea protestara aterako dela, eta horrek izutzen ditu. Azkoitian emango duzun kontzertua espetxean sartu aurreko azkenetakoa izango al da? Espainiako Auzitegi Goneraren helegitearen zain gaude. Ziurrenik, datozen hilabeteetan emango digute erantzuna, eta Auzitegi Nazionalaren epaia berretsiko duelakoan nago. Hala izanez gero, hasiera batean, bost urte eman beharko ditut espetxean. Nolako emanaldia izango da Azkoitikoa? Ahalik eta ikus-entzule gehien elkartzea espero dut. Oinarrizkoa dugu adierazpen askatasuna barneratzea, eta hori aldarrikatuko dugu biharkoan. Guztioi eragiten digu kontu honek, eta, beraz, indibidualismotik atera beharko genuke, bortxaz urratzen dizkiguten askatasunen alde egiteko. Izan ere, gutako edozeini gerta dakioke. Aste honetan, hainbat rap abeslari autoinkulpatu da, Espainiako koroa salatzeko Bartzelonako Modelo espetxean grabatu duten abesti baten bideoklipa kaleratuta. Halako elkartasun keinu asko jaso al dituzue? Artearen munduan, ez dago elkartasun handirik, orain areagotzen ari bada ere. 2011an atxilotu nindutenetik, auzi ugari izan ditut zabalik, baina ez dut elkartasun handirik jaso. Finean, gizartearen isla da hori, mundu indibidualista batean bizi gara. Gainera, adieraztera ausartzen bazara, zure ibilbide profesionala kaltetu daiteke. Beraz, halako ekimenak positibotzat jotzen ditut, estatuak nahi duen autozentsura hausten baitute. Espero dut horrelako gauza gehiago egitea, horiek entzunarazten baitituzte isildu nahi dituzten ahotsak. Hori horrela izanik, estatuak bi aldiz pentsatu beharko luke halako auziak ireki baino lehen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide