Kaluseren rock instrumentalak eta WIBG-en doinu euforikoek Matadeixe hartu zutenekoa

Maialen Etxaniz 2018ko apirilaren 5a

Kaluse. (Ainhoa Beristain - Beris Photography) Asteazkena izanagatik eta barru giroa egonagatik, musikazale andana gerturatu zen atzo, apirilak 4, Azkoitiko Matadeixera. Horien asmoa zen Azpeitiko Kaluseren eta AEBtik etorritako Wooden Indian Burial Ground musika taldearen zuzenekoez gozatzea, eta hala egin zuten Matadeixen elkartu ziren dozenaka pertsonek. Kontzertuak hasterako ehundik gora lagun zeuden emanaldiak noiz hasiko zain. Kaluse izan zen aurrena; 22:30ak ondo jota igo ziren Unai Martinez (gitarra) eta Ibon Gerra (bateria) Matadeixeko oholtzara. Azpeitiko bi gazteek berehala lortu zuten entzuleak beren kantuen sarean harrapatuta gelditzea. Rock instrumentalarekin jolasean aritu zen Kaluse, estilo ezberdinekin esperimentatzen, erritmoak aldatzen eta aldi berean musikaz gozatzen. Doinu instrumentalen zaparradaren ostean, Kaluseren bigarren diskoko azken abestiarekin amaitu zuten zuzeneko emanaldia azpeitiarrek, Matadeixera bertaratu ziren lagunen txalo artean. Wooden Indian Burial Groundeko (WIBG) artistek hartu zioten lekukoa Azpeitiko bikoteari. Winnie & the Nihilist du izena Portaldeko (Oregon, AEB)  hirukotearen azken lanak, eta hori aurkeztu zuten atzokoan. Udaberrian zehar kontzertu bira egitekoa da AEBko hirukotea, eta atzo Azkoitian egin zuten geldialdia. Kontzertu luzea, baina aldi berean bizia eskaini zuen WIBG-ek, doinu euforikoz jantzia. Urteak atzera egin, eta 60. hamarkadara bidaiatu zuten entzuleek Wooden Indian Burial Groundeko musikarien kantuekin. Gogotik gozatu zuten atzokoan Matadeixen elkartu ziren musikazaleek. Honako hauek Ainhoa Beristain argazkilari azkoitiarrak eta Juan Luis Romatet kazetariak atzoko kontzertuetan ateratako argazkiak dira:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide