Mikel Elorza txirrindulari azkoitiarrak kontratua sinatzea lortu du eta maila profesionalean ariko da beste urte batez

Ainitze Agirrezabala 2018ko martxoaren 23a

Mikel Elorza txirrindulariak Dominikar Errepublikako Inteja Dct taldearekin kontratua sinatu du urtebeterako. Azken hilabeteak "oso gogorrak" izan direla adierazi du azkoitiarrak, eta lortutako hitzarmenarekin "oso pozik" dago. Aste honetan talde berriak Alacanten (Valentzia) duen egoitzan dago kontzentratuta Elorza, eta Lizarrako Miguel Indurain Sarian debutatuko du martxoaren 31n.

Mikel Elorza azkoitiar txirrindularia. Mikel Elorza Pagaldai (Azkoitia, 1991) txirrindulariak Dominikar Errepublikako Inteja Dct taldearekin kontratua sinatu du urtebeterako. Hitzarmen horri esker, profesional mailan pedalei eragiten jarraituko du azkoitiarrak, beste urte batez. Elorzak Urola Kostako Hitzari adierazi dionez, azken hilabeteak "oso gogorrak" izan dira. "Hainbat talderekin hizketan eta negoziatzen aritu naiz azken hilabeteotan, baina ez nuen lortzen inorekin tratua ixtea. Otsailean nahikoa beltz ikusten nuen egoera, etsita nengoen, eta uste nuen bizikleta betirako utzi beharko nuela alde batera". Gabon inguruan, ordea, lagun baten bidez, Inteja Dct talde dominikarrarekin hasi zen negoziatzen Elorza, eta akordio batera iristea lortu dute bi aldeek. Lortutako hitzarmenarekin "oso pozik" dago Elorza, hain gustuko duen kirolaz gozatzen jarraituko baitu beste urtebetez. "Talde berriari eskerrak eman nahi dizkiot, niregan izan duen konfiantzagatik eta azken hilabete hauetan lagundu didaten guztiei ere esker ona adierazi nahi diet». Aste honetan talde berriak Alacanten (Valentzia) duen egoitzan dago kontzentratuta Elorza, eta Lizarrako Miguel Indurain Sarian debutatuko du martxoaren 31n. Nafarroan debutatu ondoren, Asturiasko, Gaztela eta Leongo eta Madrileko probetan lehaituko da azkoitiarra. Lau dominikar daude taldean, bi mexikar eta lau espainiar. "Neu naiz euskaldun bakarra. Tira, mekaniko bat eta zuzendaria ere euskaldunak dira. Talde txikia gara, baina jende ona dago". Gainera, taldekide izango ditu Elorzak, besteak beste, Paco Mancebo eta Albert Torres, pistako Europako txapelduna eta munduko azpitxapelduna. "Mancebo eta biok elkarrekin gaude hoteleko logelan. Egia esan oso gustura eta eroso sentitzen naiz talde berrian". Italiako Amore&Vita taldearekin eman zuen jauzia profesionaletara azkoitiarrak iaz, baina "erritmoa hartu ezin" ibili zen, eta "lasterketa gutxi egiteko aukera" izan zuen. Zentzu horretan, aurtengo denboraldian "lasterketetan parte hartzea" da azkoitiarraren helburua. Txirrindularitza probei dagokienez, Elorzak aurreratu du egutegi "polita" dutela, eta "maila ona" ematea dela bere xedea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide