Erakunde publikoetako eta farmazietako ordezkariak. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen duten pertsonen artean sendagaien erabilera hobetzeko eta tratamendua zuzen betetzen dela ziurtatzeko programa abian jarriko du Azkoitiko Udalak, herriko farmaziekin, Gipuzkoako Botikarien Elkargoarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Herri bat adin desberdinetako pertsonek osatzen dutela adierazi du Jabier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, eta udal bezala "guztien beharrak asetzen" saiatzen direla. Azkoitiko Udaleko etxez etxeko laguntza zerbitzua 60 adinekok jasotzen dute gaur egun, eta Zubizarretak gaineratu du Gizarte Zerbitzuek "aztertuko" dutela haietatik zenbati proposatu programan parte hartzea. Horrez gain, alkateak dio Azkoitia Lagunkoia eta Urkoa egitasmoak martxan jartzearekin batera, etxez etxeko zerbitzua hobetzeko "beste urrats bat" dela elkarlanean erakunde desberdinek atzoko agerraldian sinatu zuten ituna. Zentzu horretan, Zubizarretak eskerrak eman dizkie proiektu honetan parte hartuko duten Gisasola, Jaen, Azpiazu eta Ruiz mendiola farmazietako ordezkariei.
Azterketen arabera, gaitz kronikoak dituzten adinekoen erdiek ez dute tratamendua behar bezala betetzen. Hala adierazi du Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko lehendakari Angel Garayk. Programaren funtzionamenduari dagokionez, berriz, Garayk azaldu du egitasmoan parte hartzea "borondatezkoa" dela, eta behin programan sartuta, erabiltzaileak herriko farmazia bat aukeratuko duela. Ondoren, botikariak erabiltzailea elkarrizketatuko du, zer sendagai hartzen dituen eta zer osasun arazo dituen ezagutzeko. Eta astero edo hamabostero, farmazialariak dosi pertsonalizatuetan prestatuko dizkio sendagaiak erabiltzaileari. Garayk gaineratu du, sendagaien erabilera egokia optimizatzeko programa horien emaitzak "oso onak" direla egitasmoa indarrean dagoen EAEko udalerrietan, tratamendua zuzen betetzea %95ean hobetzea lortzen baita.
%95eko optimizazioa
Eusko Jaurlaritzako Farmazia zuzendari Iñaki Betolazak bere aldetik adierazi du "pozgarria" dela Azkoitia ere proiektura batu izana, eta egitasmoaren zabalkuntza aurrera eramatearekin "harro" daudela. Betolazak azaldu du EAEko 145 herrik eta 329 farmaziak egin dutela bat proiektuarekin, eta 800 pertsona inguruk erabiltzen dutela sendagaien erabilera hobetzeko programa. Zuzendariaren esanetan, gizartea "gero eta zaharragoa" da, eta, beraz, mendekotasuna ere "are eta handiagoa" da. Horregatik, halako proiektuak "ezinbestekoak" direla nabarmendu du.