Laburbira euskarazko film laburren emanaldia Azkoitira iritsiko da ostiralean

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 13a

Zortzi film labur eskainiko dituzte Baztartxo antzokian, 22:00etan hasita. Ikusgai izango diren ikus-entzunezkoen artean daude 'Areka' eta 'Z U L O' film laburrak. Alots Arregi azkoitiarra da 'Areka'-ren egileetako bat.

Abian da XV. Laburbira euskarazko film laburren zirkuitua, eta Azkoitira ostiralean, hilak 16, iritsiko da. Euskaltzaleen Topaguneak aurtengo bilduman sailkatu dituen zortzi filmak eskainiko dituzte Baztartxo antzokian, 22:00etan hasita. Laburbira zirkuituaren barruan ikusgai izango dira , besteak beste, Areka film laburrak eta Z U L OAreka film laburra Atxur taldeak sortu du, eta bertako kidea dira Alots Arregi eta Izibene Oñederra azkoitiarrak. Animaziozko film horrek 80 urteko Euxebiren istorioa kontatzen du: bere aita gerran desagertarazi zuten, eta gertatutakoaren gaineko zurrumurruak entzunak bazituen ere, ez du inoiz jakin non zegoen haren hilobia. "Frankismoaren miseria eta errepresio guztiaren gainetik", Euxebik bizirik gorde du aitaren memoria. Z U L O ikus-entzunezkoa, aldiz, Erika Olaizola azpeitiarrak eta Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendutakoa da, eta buruhandi baten eta gizaki baten arteko maitasun istorioa kontatzen du. Azkotiko emanaldia Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatu du Euskaltzaleen Topagunearekin batera. Film laburrak ikustera bertaratzen diren herritarrek hiru euro ordaindu beharko dute sarrera, baina Maxixatzenen bazkide direnek ez dute sarrera ordaindu beharko. XV. Laburbiraren kartelera, hemen: Laburbiraren antolatzaileek ikusleen artean lehiaketa bat antolatu dute beste urte batez. Hala, emanaldira joaten direnek landetxe batean bi lagunek bi gauko egonaldia egiteko zozketa batean parte hartu ahal izango dute, www.kameratoia.eus webguneko Laburbira 2018 ikusleentzako lehiaketa atalean galdeketa erantzun ondoren. Lehiaketa hilaren 28an hasiko da. Laburbiraren inguruko informazio osoa, hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide