Azkoitia eta Azpeitiako jiu-jitsulariak, Guadalajaran. (J.T)
Joan den larunbatean, otsailaren 26an, jokatu zen Espainiako IX. Jiu-jitsu Txapelketa Guadalajaran (Gaztela-Mantxa, Espainia), eta han izan ziren Azpeitiko Jonathan Terron, Aitor Arrieta eta Aimar Zubizarreta eta Azkoitiko Asier Nuñez eta Aritz Zubeldia. Terronek bere abilezia guztiak erakutsi zituen zapatuko hitzorduan, eta txapeldunaren tituluarekin itzuli zen handik. Terronek Master 2 mailako pisu astun-ertaineko helduen kategorian neurtu zituen indarrak, eta aise nabarmendu zen. Nuñezek, berriz, hirugarren postua eskuratu zuen zegokion junior mailan.
Zubizarreta pisu ertaineko helduen mailan lehiatu zen. Arrieta, aldiz, pisu ertain-astuneko helduen mailan. Biek hala biek ondo osatu zituzten beren lanak, baina esperientzia handiko jiu-jitsulariekin lehiatu ziren, eta ezin izan zuten podiumean nabarmendu. Aritz Zubeldia ez zen sailkapeneko aurreneko postuetan sartu, lehen bi borrokak irabaztea lortu bazuen ere. Guztira, 37 parte-hartzailek hartu zuten parte Zubeldiaren mailan, eta hori "kontuan hartzekoa" dela esan du Terronek.
Nuñez, (ezkerretik hirugarrena) sari banaketan.
Egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin "oso gustura" agertu da Terron. Ostiraletik igandera arte egon dira Guadalajaran, Nuñezek atzo jokatu zuelako bere neurketa. Espainiako txapeldunak azaldu du txapelketari eta egonaldiari lotutako gastu ekonomiko guztiak beraiek ordaindu behar izan dituztela. Hala, bere ikasleen esfortzua eta prestutasuna nabarmendu ditu.
Terron jiu-jitsuko Europako txapelduna da iazko urriaz geroztik. Jiu-jitsua Japonian sortutako kirola da, defentsa pertsonalerako erabili izan dena. Azpeitian gero eta gazte gehiago dira kirol horren inguruan interesa agertu dutenak. Arrietak eta Zubizarretak Terronek Landetan duen UFK gimnasioan entrenatzen dute jiu-jitsua, Europako txapeldunaren gidaritzapean. Haiekin batera aritzen dira Azpeitiko eta Azkoitiko zenbait lagun.