Sara Rodriguez: "Interneten eragina kolpe gogorra da merkatari txikientzat"

Mailo Oiarzabal 2018ko otsailaren 23a

Sara Rodriguez (Azpeitia, 1980) da Herrixen merkatarien elkarteko teknikaria. Gaur hasiko den azoka prestatzen ari zen bitartean, merkatari txikiek bizi duten errealitateaz hitz egin du. Zenbat kide ditu egun Herrixenek? 118. Askotariko saltokiak daude elkartean, ez bakarrik dendak, baita zerbitzuak eskaintzen dituztenak edota ostalaritzakoak ere. Zer suposatzen du parte hartzaileentzat azoka honek? Denboraldian saldu ez dituzten produktuak aurrera ateratzeko modu bat da, azkenean, eta jendeari ere aukera ematen diote produktu horiek etxera merkeago eramateko. Eta Herrixenentzat, zer da? Herrian bertan asteburu batez zerbait erakargarria antolatzea da, azokaz gain egitasmo eta zerbitzu osagarriak ere eskaintzen ditugulako. Eta jendeari aitzakia bat ematen diozu herrian geratzeko, kanpoko merkatalguneetara joan beharrean. Zein da Azkoitiko saltoki txikien egoera? Urtetik urtera nabariagoa da Interneten eragina, kolpe gogorra da merkatari txikientzat; batik bat arropen eta oinetakoen sektorean, negozioaren puska handia jan dute Internet bidezko erosketek. Horri gehitu behar zaio gazteen sentsibilizazio falta. Beraz, merkatari txikien egoera ez da ona. Gero eta zailagoa da erosleak dendara erakartzea, eta, era berean, gero eta informatuagoak eta zorrotzagoak dira bezeroak. Merkatari gehienek eusten diote, baina gero eta irabazi gutxiagorekin. Egoera horretan, zeintzuk dira zuen elkartearen lehentasunak? Herritarrak gaztetatik sentsibilizatzea da gure erronketako bat, merkataritza bizirik mantentzeak herriko bizitzarentzat duen garrantziaz jabetzea. Interneten aurki ditzakete gauza jakin batzuk, baina herriko dendariei ere aukera bat eman behar zaie, kalitatea, zerbitzua eta gertutasuna ezin direlako konparatu. Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak bat egin dugu, hain zuzen, kontzientzia hori lantzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide