Iñigo Dierez. (Iñigo Dierez)
Iñigo Dierez da Iñigo Antsorregi (Azkoitia, 1993) aktore eta gidoilariaren izen artistikoa.
Pisu ez partekatua da sortu duen azken antzezlana; hasieran emakumezkoentzako sortu bazuen ere, Antzez Motz lehiaketarako gizonezkoentzat moldatu eta euskarara ekarri du. Formatu horretan, bera da aktoreetako bat, Asier Oruesagastirekin batera. Zuzendari lanetan, berriz, Ander Azurmendi aritu da.
Zer kontatzen du antzezlanak?
Bi mutilek Skype bidez izaten duten dei bat du ardatz istorioak. Mutiletako bat pisukide bila dabil, eta beste batek jarritako iragarkia ikusi du Interneten. Elkar ezagutzeko asmoz, dei bat egiten dio batak besteari, eta hasieran guztiak oso polita dirudien arren, pixkanaka tentsioa sortuko da bien artean.
Antzez Motz lehiaketan, gehienez zortzi minutuko lanak taularatu behar dituzue. Hain denbora gutxian, nola erakarri daitezke ikusleak eta epaimahaia?
Mikroantzerkian oso zuzena izan behar duzu, ez duzulako beste antzezlanetan adinako denborarik istorioa garatzeko. Denbora tarte motz horretan, ahalik eta aberatsena izan behar du pertsonaien bilakaerak, eta hori ahalbidetuko duen istorioa sortu behar duzu, beraz. Mikroantzerkian ondoen funtzionatzen duena umorea da; zenbat eta umore dosi handiagoa eduki, orduan eta gusturago egongo dira antzezleak eta publikoa.
Zentzu horretan, zer du eskaintzeko zuen lanak?
Oso obra umoretsua da, baina umore zoroa dauka. Parodia pixka bat ere egiten du. Elkarrengandik oso desberdinak diren bi gazte dira protagonistak. Bata aurrerakoia da, beganoa, homosexuala eta animalista; bestea, berriz, guztiz kontrakoa, kontserbadorea da, eta gizarteak ezarri dizkion arauak jarraitzen ditu. Talka egiten dute bien artean. Kontrasteak umorean ondo funtzionatzen du, eta gure obrari horrek ematen dio indarra.
Nolakoa izan da antzezlana sortzeko prozesua?
Antzez Motz lehiaketan antzeztu dugu obra lehenengoz bi aktore mutilek. Izan ere, hasiera batean, emakumezko aktoreei zuzenduta idatzi nuen antzezlana. Madrilen nengoen orduan, eta ezagutzen nituen bi aktore emakumezkoekin lan egiteko gogoa nuen. Antzez Motz lehiaketan ere aurkeztu nahi nuen obra, baina aktore haiek ezin zuten parte hartu. Orduan, gizonezkoentzako moldatu nuen lana, eta euskaratu egin nuen.
Asier Oruesagasti da antzezlaneko beste aktorea, eta Ander Azurmendiren zuzendaritzapean aritu zarete. Nolako taldea osatu duzue?
Oruesagastirekin lan egitea gozamena da, eta berarekin lan egiteko gogoa nuen. Broma bezala irten zuen biok batera lan egiteko ideiak, baina gero erabakia sendotu egin genuen. Talde ideala sortu dugu, elkar asko ezagutzen baitugu eta oso lagunak baikara. Anderrekin batera egin nituen ikasketak Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean, eta harreman oso ona dut harekin. Beraz, oso erraza izan da hirurok elkarrekin lan egitea.
Hasierako formatuarekin, Madrilen eta Donostiako La Farandula gunean aurkeztu zenuten lana. Nolako harrera izan du?
La Farandulan oso erantzun ona izan genuen. Bi astez egon ginen han, eta 500 ikusletik gora izan genituen. Madrilen bi asteburutan taularatu genuen, eta han ehun bat lagunek ikusi zuten. Urretxun ere oso harrera ona izan zuen, eta ikusleak oso esker onekoak izan ziren. Lehiaketan finalera sailkatu gara, eta harrera ezin hobea izan da, beraz.
Beste finalisten lanak ikusi al dituzu?
Gu bigarren talde sailkatua izan gara. Ostiralean hirugarren taldea sailkatuko da finalera, eta publikoaren boto gehienekin laugarren batek lortuko du finalerako txartela. Oraingoz sailkatuta daudenen lanik ez dut ikusi, baina etziko kanporaketara joateko asmoa dut, ea zer konpetentzia daukagun jakitera.
Prest al zaudete finalerako?
Joan zen ostiralean egin genuen emanaldian asko gozatu nuen; oholtza gainean izan dudan esperientziarik politenetakoa izan zen. Esperientzia hori berriro errepikatu ahal izatea soilik sari handi bat da niretzat. Hortik aurrera, ongi etorriak izango dira sari guztiak, baina dagoeneko irabazle sentitzen naiz.
Zer jarraipen izango du obrak?
Gizonezkoen formatuarekin ez dakit zer etorkizun izango dugun. Ingelesez esaten den moduan,
One night and one night only (Gau bat eta gau bat bakarrik) filosofiarekin egokitu genuen obra. Baliteke hirurok gogoarekin geratzea eta aurrera egitea, baina ez nuke nahi nesken bertsioa bertan behera geratzerik. Antzerkiak behar ditu emakumezkoen obrak, eta horretan lagundu nahi dut nik ere.
Ba al duzu beste proiekturen bat esku artean?
Joan zen udan telebistarako
Vaya familia saioan parte hartu nuen, baina oraindik ez da estreinatu. Gainontzean, ez dut beste proiekturik. Asko idazten dut, eta neure buruari jarri diodan erronka da eleberri bat idaztea. Azken urteetan bezala, ez bazait ezer suertatzen, neuk bultzatuko dut zerbait. Geldirik behintzat ez naiz egongo, hori seguru.