Bizenta Mogel elkarteak hitzaldi zikloa antolatu du

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 20a

Hitzaldi zikloa eta Bilboko Arte Ederren museora ibilaldia antolatu dituzte. Otsailaren 28an eta martxoaren 7an nahiz 14an izango dira solasaldiak. Martxoaren 21ean ibilaldia egingo dute. Solasaldi guztiak 15:30ean izango dira, Elkargunean.

Bizenta Mogel elkarteko kideak. (Bizenta Mogel Elkartea) Bizenta Mogel elkarte sozio-kulturala duela 29 urte sortu zuten Azkoitiko emakume batzuek, herriko kultur eskaintzari beren ekarpena egiteko asmoarekin. Ordutik, urtero-urtero antolatu izan dituzte hitzaldiak, eta aurtengorako ere prestatu dute zikloa. Otsailaren 28an hasi eta martxoaren 21era bitartean, hiru hitzaldi izango dira, Elkargunean, 15:30ean hasita. Askotariko gaiak izango dituzte hizpide solasaldietan. Lehena, otsailaren 28koa, Jexuxmari Mujikak Deustuko Unibertsitateko etika irakasle ohiak eskainiko du Bakardadearen aurrean jarrera eta posibilitatea izenburupean. Bigarren solasaldia martxoaren 7an izango da. Hain zuzen ere, Azkoitiaren nortasun historikoa: etxeak izenburupean eskainiko du solasaldia Juan Bautista Mendizabal historialariak. Hirugarren eta azken hitzaldia Iñaki Olaizola antropologoak eskainiko du martxoaren 14an, eta Euskal Herriko ehorzte errituen historia izango du hark hizpide. Hitzaldi zikloa borobiltzeko, Bilbora irteera egingo dute martxoaren 21ean eta Goya margolariaren erakusketa ikustera joango dira, Arte Ederren museora. 14:00etan aterako da autobusa Julio Urkixo kaleko geltokitik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide