Artxibatu egin dute Azkoitiko andramarietako azken eguneko sexu eraso salaketa

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 8a

Joan zen abuztuaren 19ko goizaldean, sexu erasoa egin ziotela salatu zuen adin txikiko emakume azpeitiar batek. Epaileak ez du hori horrela izan zela baieztatzen duen frogarik aurkitu instrukzio fasean akusatuaren abokatuaren arabera, eta kasua artxibatu egin du. Salaketa jarri zuen adin txikikoaren abokatuak, berriz, froga berriren bat agertuko balitz, kasua berriz ireki daitekeela azaldu du.

Elkarretaratzea egin zuten gertaera salatzeko ehunka lagunek Azkoitian. (Julene Frantzesena) Iaz, Azkoitiko Andramari jaietako azken egunean, abuztuaren 19ko goizaldean, sexu erasoa jasan zuela salatu zuen adin txikiko emakumearen auzia artxibatu egin du Azpeitiko epaitegiak. Akusatuaren abokatuak UROLA KOSTAKO HITZAri baieztatu dionez, epaileak ez du delitu zantzurik ikusi auzian, eta amaitutzat eman du instrukzio bidea. Salaketa jarri zuen adin txikikoaren abokatuak, berriz, froga berriren bat agertuko balitz, kasua berriz ireki daitekeela azaldu du. Adin txikiko emakumeak ertzain etxean salaketa jarri ondoren, instrukzio fasea hasi zuen Azpeitiko epaitegiak. Ordutik, froga bila aritu dira, eta bi aldeek eta lekukoek deklaratu dute. Instrukzio fasea amaituta, epaileak berretsi du ez dagoela "inongo deliturik gertatu izanaren frogarik". Epaileak iazko azaroaren 22an artxibatu zuen auzia, eta joan zen astean bukatu zen bi aldeek helegiteak aurkezteko epea. Iazko abuztuan salatu zuen adin txikiko azpeitiar batek andramarietako azken egunean sexu erasoa jasan zuela. Bi egun beranduago identifikatu zuen Ertzaintzak ustezko egilea, eta ikerketa abiatu zuen. Gertaera salatzeko elkarretaratzea egin zuten Azkoitian, eta ehunka lagun bildu ziren kontzentrazio hartan jakinarazi zuen Sostenipe talde feministak festetan, abuztuaren 15ean, "bortxaketa" bat ere izan zela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide