Igor Quindosek ez du Anaitasunako gizonezkoen lehen taldea entrenatzen jarraituko

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 9a

Igor Quindos, artxiboko irudi batean. (Ainitze Agirrezabala) Anaitasuna Futbol Taldeak atzo iluntzean egin zuen erabakia publiko, ohar bidez: Igor Quindosek (Azkoitia, 1978) ez du klubeko gizonezkoen lehen taldea entrenatzen jarraituko. Anaitasunak adierazi duenez, Zuzendaritza Batzordeak eta Quindosek berak adostu dute haren kargugabetzea. Hirugarren Mailan ari da lehian gizonezkoen talde nagusia, iaz mailaz igo ondoren. Anaitasuna Gipuzkoako Ohorezko Mailatik Espainiako Hirugarren Mailara igaro eta gero, 2018ko uztailera arte luzatu zuten bi aldeek entrenatzailearen kontratua. Taldearen esanetan, gorrixek "hasiera txukuna" eman zioten denboraldiari, baina azken 11 jardunaldi partidarik irabazi gabe daramatzate, eta jaitsiera postuetan sartu da taldea. 2015etik izan da taldeko entrenatzaile Quindos, eta ordutik egin duen lanagatik eta erakutsi duen profesionaltasunagatik, konpromisoagatik eta dedikazioagatik eskerrak eman dizkio klubak. Era berean, "zorterik onena" opa dio aurrera begirako ibilbidean. Entrenatzaile berriari dagokionez, klubak UROLA KOSTAKO HITZAri jakinarazi dio gaur eta bihar artean hartuko dutela entrenatzaile berriaren gaineko erabakia. Iazko ekainean elkarrizketa egin zion Quindosi UROLA KOSTAKO HITZAk. Hemen irakurri daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide