Jorge Alkorta: "300 triatloi, 40 maratoi eta ironman bat egin ditut"

Ainitze Agirrezabala 2018ko urtarrilaren 5a

2017ko Azkoitiko kirolari onena izendatu berri dute Jorge Alkorta (Azkoitia, 1950), eta berarekin gogoratu izanak "poz" eman dio. Adinean aurrera egin arren, "gustura" aritzen da eta ez du erretiratzeko asmorik.

Jorge Alkorta azkoitiar triatleta. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala) Zer nola jaso duzu urteko kirolari onenaren izendapena? Poz ematen du nirekin gogoratu izanak. Aurrerantzean askoz proba gehiago ez ditudala egingo usteko zuten, eta agian horregatik izendatuko ninduten urteko triatleta [kar, kar, kar]. Baina espero ez nuena zen urteko kirolari onena neu izendatzea. Ia 70 urte dituzu eta sasoi betean zaude. Zein da sekretua? Bai, ahalegintzen naiz. Baina uste dut hori ez dagoela guztiz norbere gain. Izan ere, nirekin hasi ziren askok kirola egitea utzi behar izan dute, lesioak medio. Zentzu horretan, lesioek errespetatu egin naute. Genetikari dagokionez, berriz, ama 92 urterekin hil zen, eta aita, gaztetan afizionatu gisa txirrindulari ona izan zen. 72 urtera arte, behintzat, bizikletan ibili zen. Bizikletarako zaletasuna, beraz, oinordetzan jasoa duzu? Bai. Ondo gogoan dut 3 urte nituela oparitu zidatela aurreneko bizikleta. Gorri-gorria zen, eta oraindik ere aita ikusi egiten dut bizikletari atzeko bi gurpiltxoak lotzen. Gaztetan bizikletan nahikoa ondo moldatzen nintzen, eta lasterketetan-eta atera nahi izaten nuen, baina etxean ez zidaten uzten, errepidean ibiltzea arriskutsua zelako. Hala, 17 urterekin bizikleta utzi nuen, eta harik eta 35 urte bete nituen arte ez nuen ukitu bizikletarik. Bizikleta albo batera utzi eta zerri heldu zenion? Kuadrillan betidanik izan gara oso mendizaleak, eta igandero antolatzen genituen irteerak. Inguruko tontor guztiak zapaldu genituen, eta erdi brometan erabaki genuen Mont Blancera espedizioa antolatzea. Joxe Antonio Bastarrika Panadero eta biok arduratu ginen ibilaldi hura antolatzeaz, eta espedizio hura prestatzeko hasi ginen korrika egiten. Hamalau lagunek egin genuen bidaia hura, 1979an. Eta noiz hasi zinen maratoiak korritzen? Aita izan nintzen urtean egin nuen aurrenekoa, 1980an, Donostian. Gutxi ibilita joan nintzen, ordea, eta proba gogorra izan zen. Egia esan, abentura bat izan zen. Denboraldi luze batean maratoiak egin nituen, duatloiak eta triatloiak antolatzen hasi ziren arte. Guztira, 42 maratoi ditut eginda: Donostiakoa dozenatik gora bider, sei bat aldiz Bilbokoa, Bartzelonakoa, Zallakoa, Laredokoa eta Santardeko 100 kilometroko proba, besteak beste. Semea Chicagon [AEB] bizi zela baliatuz, hango maratoia ere bi aldiz egina naiz. Eta ironmana egin duen lehen azkoitiarra zara, ezta? Hala da, bai. 44 urte nituen, eta  3.600 metro egin nituen igerian, 180 kilometro bizikletan, eta, gero, maratoia. Malagan [Espainia] egin nuen, baina gutxi prestatuta joan nintzen, eta egundoko ahulaldia izan nuen. Proba bukatzea lortu nuen, baina aurreikusitakoa baino ordubete gehiago behar izan nuen. Zenbateraino zaindu izan duzu elikadura? Garai hartan, batere ez. Gaur egun, ordea, kirolari afizionatu asko profesionalen parekoak dira, medikua eta entrenatzaile pertsonala baitituzte. Elikadurari dagokionez, etxean barazkiak, pasta eta arraina asko gustatzen zaizkigu, haragia gutxi kontsumitzen dugu, eta zentzu horretan, jan ondo egin dugu beti. Nola antolatu izan zara entrenamenduak egiteko? Gaur egun jubilatuta nago, baina 14 urtetatik erloju dendan egin izan dut lan, eta horretan hasterako, 09:00etarako, entrenatu izan dut bizitza guztian. Jaiki, ur trago bat edan eta Azpeitia edo Zumarraga aldera joaten nintzen korrika, eguna argitzerako, askotan. Gero, denda itxi aurretik, 12:30 aldera, bizikletan hiru bat orduko itzulia egiten nuen, astean bitan. Egun horietan, goizetan korrika joan beharrean igeri egiten nuen. Gaur egun, erretiratuta egon arren, ordutegirik gabe, baina anaiari dendan laguntzen diot. Egunero egiten dut korrika edo igeri goizean, gimnasiora ere joaten naiz tarteka eta astean hirutan bizikletan ibiltzen naiz. Astean behin, berriz, Iruñera joaten naiz bi bilobengana. Iluna zela entrenatzen zenuela diozu. Ezustekorik izan al duzu inoiz errepidean? Bai. Garai batean, gainera, Azpeitira joateko ez zen espaloirik, eta, noski, Aizpurutxon barrena ere ez. Behin, Zumarragatik bueltan kaminoz nentorrela, 4x4 auto batek ia aurretik eraman ninduen. Eskerrak bazterrera salto egin nuen! Gaur egun Zumaia Triatloi Taldeko kidea zara. Nolatan? Garai batean, Azkoitian dozena bat laguneko kuadrilla aritzen ginen duatloiak eta triatloiak egiten, baina pixkanaka jendea taldea utziz joan zen, eta bakarrik geratu nintzen. Justu, anaia bat Zumaiara ezkondu zen, eta haren bitartez joan nintzen hango taldera. Guztira, 300 triatloi egindakoa naiz, erraz! Zer kirol duzu gustukoen? Bizikletan oso ondo moldatzen naiz. Korrika ere nahikoa ondo aritu naiz orain arte, baina adinean aurrera joan ahala asko jaitsi naiz. Halere, esango nuke bizikletan eta igerian hobeto nabilela gaur egun garai batean baino. Korrika azkarra ez naiz izan inoiz, baina iraupen handikoa bai. Kirolerako bizikleta eta oinetako asko izan al dituzu bizitzan? Noski, urtean pare bat zapatila hausten ditut.Bizikletei dagokienez, berriz, lasterketetakoak hiru bat izan ditut. Baina beti bat izorratutakoan bestea erosi izan dut. Gaur egun, jendeak bi-hiru ditu, eta zenbaitek 9.000 edo 10.000 euro ordaintzen dituzte. Zure adineko gutxi arituko zarete triatloiak egiten, ezta? 50 urte nituela, nire adineko gutxi aritzen ziren. Elgoibarko Iñaki Conderekin, esaterako, beti ibili naiz borrokan. Eta azken sei urteetan, beteranoen bigarren mailan sprint distantziako eta olinpikoetan txapelduna naiz. Baduzu erretiratzerako egitea nahiko zenukeen probarik? Malagako ironmana ez nuen ondo egin, eta beste bat egiteko gogoa beti izan dut, baina ja ez dut egingo. Juan Inazio anaiak eta biok urtean hamar bat triatloi egiten ditugu, eta bizitzari eskatzen diot horrelaxe segitzea. Triatloiak egiteko afizio handia dago. Zer dela eta? Bai, oso modan daude, eta Hawaiiko ironmanak eta telebistak badute eragina horretan. Gu Zarauzko triatloia egiten hasi ginenean, 200 parte hartzaile ginen, eta gaur egun, 2.000 lagunek ematen dute izena, nahiz eta gero 600 pertsonak hartu parte. Nire filosofia beti izan da proba bakoitza ahal den eta ondoena egitea eta gustura geratzea. Gaur egun, ordea, irabazteko gosea duen jende asko dago. Pasadizoak ere izango dituzu... Zarauzko triatloia lehenengoz egin nuenean, Getariatik Zarautzera igerian iritsi eta bizikletako proba hasi behar nuenean, hiru bizikleta zeuden inguruan: bat nirea, bestea nire atzetik zetorrenarena eta hirugarrena erretiratu zen batena. Hura morala, azkenaurrena nindoan! Bizikletan, ordea, ondo moldatzen nintzen, eta jende asko harrapatu nuen. Instalakuntza Duinak Orain! taldeak 1.900 sinaduratik gora bildu ditu Zubiaurre igerilekua handiatzearen alde. Zer iritzi duzu horretaz? Hasieratik dago arazo hori. Duela 25 urte, guraso batzuek elkartu eta Zubiaurre igeri taldea sortu genuen. Hasieran dozena bat igerilari zeuden, baina, gaur egun, ehundik gora dira. Orduka banatu arren, horiek guztiek hiru kaletan entrenatzeko ez dute tokirik, beste biak gainontzeko herritarrentzat baitira. Kanpoko igerilekua egin aurretik, udaletxera bueltaka ibili ginen, eta hamaika aldiz esan genien estaltzeko aukera zuen eta 50 metro luze den igerilekua egiteko, udan aisialdirako eta neguan entrenatzeko balioko zuena. Baina alferrik izan ziren saiakera guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide