Azkoitiko Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkarteak datorren urterako lizentziak berritzeko epea zabaldu du. Kideek 140 euro ordaindu beharko dute; horietatik 120 euro zikloturisten lizentziei dagokiena da, eta hogei euro bazkide izateagatik urtean ordaindu behar den kuota da. "Diru hori (bazkide kuota) tramiteak osatzeko, antolatzen dugun ekintzetarako eta jubenilen lasterketarako laguntzatxo bat besterik ez da, gaur egun publizitate arlotik ez baita euro bat ere sartzen. Bide batez, ekintzetan taldean parte hartzeko laguntza eskatu nahi dizuegu, laguntza gabe lasterketak eta inguruko ekintza guztiak desagertzeko arriskuan baitaude", azpimarratu du elkarteak.
Urtarrilaren 7ra bitartean berritu behar dira lizentziak, taldeari emaila idatzita. Ohartarazi dute ez badute korreo elektronikorik jasotzen ez dela lizentziarik berrituko eta whatsappez edo ahoz jasotako eskaerak ez dituztela onartuko. "Emailez eman behar da baieztapena, denak leku beretik jaso eta nahasketarik ez dadin egon".